Bakaikuarrok herri kooperatibak jakinarazi duenez, langile bat kontratatu nahi dute dendan lan egiteko. Sei hilabeterako lana eskaintzen dute, luzatzeko aukerarekin. Kooperatibako arduradunek azaldu dutenez, hautagaiek ezinbestekoa dute herri koooperatibaren printzipio eta filosofiarekin bat egitea, eta egitasmoarekiko konpromisoa adieraztea. Gainera, traturako erraztasuna izatea eskatzen diete hautagaiei.
Langilea kontratatzeko hautaketa prozesua abiatu du kooperatibak. Deialdian interesa duenak gaur, asteazkenera, du izena emateko azken eguna. Hautagaitza aurkezteko hiru aukera daude. Aurrena, 623 019 026 telefono zenbakira hots egin edo mezua bidal dezake. Hurrena, bakaikuarrok.koop@gmail.com posta elektronikora idaztea. Eta atzena dendatik pasa eta norberaren datuak dendariei eman edo dendako postontzian uztea.
Herriko denda kudeatzen duen kooperatibak %62ko lanaldiko lanpostua eskaintzen du. Kontratatutako pertsonak dendari lanak egiteaz aparte, denda bera ere kudeatu beharko du. Dendan goizeko eta arratsaldeko txandetan lan egiten da, astelehenetik ostiralera, edo larunbatera, txandaren arabera. Aukeraketa prozesuari dagokionez, hautagaiek elkarrizketa bat edota proba bat egin beharko dute lastailaren 8tik aurrera. Eskaintzaren oinarriak bertan daude. Eta aipatutako posta elektronikoaren edo telefonoaren bidez ere jaso daitezke.