Sanferminek ekarriko dutena

Guaixe 2018ko uzt. 6a, 13:29

Mikel Lasarte Nafarroako Motozerra Txapelketan ariko da, Gorrititarrak Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketan eta Iñigo Aritza eta Andra Marikoak Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketan

Iruñeko Udalak Nafarroako Herri Kirol Federazioaren laguntzarekin antolatuta, igandetik aurrera egunero herri kirolez gozatu ahal izango da sanferminetan, Iruñeko Foruen plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Sanferminetan horren ikusgarriak eta preziatuak diren San Fermin Herri Kirol Jaialdiak datoz egunotan eta tartean, jakina, parte-hartzaile sakandarrak izango dira.

Motozerra, aizkora, trontza eta herri kirolak
Herri kirolari sakandarrei dagokienez, uztailaren 10eko, astearteko herri kirol jaialdia ixteko, XX. San Fermin Motozerra txapelketa jokatuko da. Bertan arituko da Sakanako Harrijasotze Eskolako monitore Mikel Lasarte irurtzundarra, Peio Kañamaresekin eta Juan Asinekin batera. 30 minutuko bi txanda izanen dituzte, eta txanda bakoitzean irudi bat egin beharko dute.

Uztailaren 11n, asteazkenean, herri kirolari sakandarrak lanean izanen dira. Batetik, Nafarroako III. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Iruñeko Foruen plazan, 12:00etan. Iker Gorriti eta Jaime Gorriti aizkolari uhartearrak neurtuko dira, Eneko Pagola, Jacinto Etxekonanea, Marc Duch, Victor Suarez eta Emilio Garciarekin batera. Bi kanaerdiko erdibitu beharko dituzte, eta onenek egingo dute aurrera txapelketan. Ondoren, Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da. Bost bikote lehiatuko dira, tartean Iñigo Aritzako Inar Olabide-Adur Irigoien eta Andra Mari ikastolako Pello Altzelai-Adur Lizarraga eta Urtzi Galartza-Oinaz Carreño bikoteak. Haiekin batera Basaburua-Baztan taldeko Xuban Lakosta-Jon Irigoien eta Araxes taldeko Manex Saralegi-Oier Goñi lehiatuko dira, eta etzanda jarritako metroko enborrari 10 epai egin beharko dizkiote. Bukatzeko, kimuen proba konbinatu erakustaldia izanen da, Andra Mari ikastolak, Igantzik, Antsoainek eta Berriozarrek eskainiko dutena.

Bestalde, uztailaren 13an, ostiralean, Mikel Lasartek erakustaldia eginen du: motozerrarekin egurrezko irudiak eginen ditu, Foruen plazan bildutakoen gozamenerako.