Etxarri Aranatz eta Urdiain arteko baso eta mendietan barna 64 km-ko ibilbide sarea osatzen du GR 323 Bernoako Galtzadak. Haren zati bat Urdiaindik herriko igerilekuetaraino doa, basoan barna. Ibilbidearen berri ematen duten seinale txuri-gorriak duela bi urte margotu zituzten. "Baina ibilbidearen toki batzuek lohitzen dira eta oinezkoendako erosoago egiteko hareazko senda egitea erabaki genuen", azaldu du Urdiaingo alkate David Oroz Alonsok.
Udalaren asmoa da Teileriko zabaletik Urriztiraino, baserrietatik igerilekuraino, metro bat zabal eta 2,5 km inguruko senda egitea. Lanak dagoeneko hasiak dira, Ibasko errekaldean dagoen zubi ondotik herrirantz hainbat metrotan dago hareazko senda eginda. Orozek azaldu duenez, "udalaren baliabideekin eginen dugu, pixkekan-pixkekan. Aurrekontua eskatu genuen eta dirutza zen". Beraz, lanei ez diete akabera eperik jarri. Senda Sanpedroaldeko bidearen ezkerrean eginen dute. Hala ere, alkateak argitu nahi izan du ez dela San Pedro plazaren erditik hareazko sendarik pasako. "Ibilbideko marka txuri-gorriak handik pasatzen dira, baina xenda beherantz, asfaltatutako biderantz eramanen dugu".
Aipatu bide hori oinezkoek, txirrindulariek, irristalariek eta motordun ibilgailuek erabiltzen dute. "Autoak abiadura handian ibiltzen dira. Ea lortzen dugun udan igerilekura bizikletan joaten direnak senda hartzeko ohitura hartzea, horrela arriskua murrizteko", azaldu du Orozek. Oinezkoendako ere aholkua baliagarria dela gaineratu du.
Konponketak zubian
Ibasko errekalden dagoen Sanpedroaldeko bideko zubiaren bazterreko babesek abiadura handian joandako hainbat autoren kolpeak jaso dituzte. Zubiaren eskuinaldeko harrizko murrua hainbat istripuren eraginez hautsita zegoen. Ezkerraldean, berriz, egurrez forratutako metalezko egiturak auto bati baino gehiagori eutsi ondoren itxura kaxkarra zuen. Hori ikusita, Urdiaingo Udalak biak konpontzea erabaki zuen, eta udal langileek martxoan egin zituzten lan horiek. Lanek 10.000 euro pasatxoko aurrekontua izan zuten, eta udalak laguntzarik gabe egin zuen lana.
Konponketa gehiago ere egin ditu Urdiaingo Udalak. Iturralden dagoen haurrendako jolas parkeko jolaserako elementuak konpontzeaz aparte, Iturtxulo kalean dago jolas parkeko hesia beste batekin ordezkatuko du udalak.