Maria Angeles Lizarraga dorrobarrak hamarkada bat pasa darama Afrikako Boli Kostan. Moja karmeldar misiolaria eta erizaina da. Bere lana herrialdearen barnealdean egiten du, Sakassou herrian. Maria Angelesek erizain gisa askotan egin behar izan die aurre Buruli ultzera gaitzak sortzen dituen ondorioei. Gaitzen ondorioen eta Boli Kostako premien jakitun da Maria Angelesen familia. Bere arreba Maribik Beleixe Irratian esan duenez, "nik uste erizainarena, medikuarena eta denetarik egiten dutela". Aspaldi bueltaka izan dute hura laguntzeko zerbait egitea eta, azkenik, igandean gauzatuko da ideia. "Arrebak ez daki ezer. Harendako sorpresa izanen da" aitortu du Maribik Beleixe Irratian. Erizainaren familiak hainbat dorrobarren laguntzaz elkartasun azoka antolatu du. Igandean eginen da azoka, 11:00etatik 14:30era zabalik egonen da.Dorraoko plazatik pasatzen denak (eguraldi txarra bada frontoitik) hainbat eskulan erosteko aukera izanen du: margotutako teila edo botilak, sikatutako loreak dituzten teilak, giltzak zintzilikatzeko tailak eta beste. Eskulanak Maria Angelesen senideek eta haien lagunek egin dituzte azken hilabeteetan. Horrekin batera, jatekoa eta edatekoa ere izanen dira elkartasun azokan. Guztien ahaleginarekin bildutako dirua Boli Kostara bidaliko dute han "botikak erosi edo premia gehien duten gauzetara bideratzeko". Maribik Beleixe Irratian esan duenez "ongi ateratzen bada, agian heldu den urtetan segituko dugu". Igandean Dorraora joan ezin dutenek haien diru ekarpenak Nafarroako Kutxaren ondoko kontu korronte honetan sar dezakete: 2054 0184419156154392. Buruli ultzeraTropiko gaitza da Buruli ultzera. Tratamendua duen arren, arreta gutxien jarri zaionetako bat da. Tuberkulosia edo lepra gaitza sortzen duten bakterien familiako mikroorganismo batek sortzen du. Buruli ultzerak azalaren eta ehun bigunak handiki suntsitzen ditu, ultzera handiak sortuz. Batez ere beso eta hanketan ematen da gaitza. Diagnosia eta tratamendua garaiz egitea ezinbestekoa da, bestela minusbaliotasunak sortzen ditu, hankak edota besoak atrofiatuta gelditzean. Ikerlariak gaitzaren transmisioa nola egiten den aztertzen ari dira oraindik. Hala ere, urarekin edo ur geldiekin zerikusia dutelakoan daude. Maribik Beleixe Irratian kontatu duenez, Boli Kostako Sakassou hirian gehien bat haurrei eragiten die gaitzak. Arrebak kontatuta daki gaitza hartu dutenei "geldi-geldi usteltzen dena kentzen joan behar zaie. Antibiotikoak eman eta injertoak egin. Oso-oso gaitz mingarria omen da".