Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande eguerdian Dorraoko plazak buruli ultzeraren ondorioei aurre egiteko elkartasun azoka hartu zuen. Herriko alaba den Maria Angeles Lizarragak Afrikako Boli Kostan hamarkada bat pasa darama misiolari eta erizain lanetan. Boli Kostan premia handiak zituztela jakitun, haren familiak Maria Angelesen jarduna laguntzeko zerbait egitea pentsatu zuen, eta horrela sortu zen igandeko elkartasun azoka. Dorrobarrak eta beste hainbat sakandar pasa ziren igandean azokatik. Mahaietan sakabanatuta zeuden salgai jarritako plater eta botila margotuak, lore idorrekin edertutako teilak, koadroak (berehala saldu zirenak), egurretan tailatutako giltzak zintzilikatzeko zerak edota arropa pixka bat. Horrekin batera, pintxoak ere salgai izan ziren. Horrekin guztiarekin batera, buruli ultzeraren berri ematen zuten informazio panelak eta argazkiak jarri zituzten.Misiolari dorrobarraren arreba den Maribik Beleixe Irratiari esan dionez, "pozik" daude egindako lanarekin eta izandako erantzunarekin. 3.000 euro bildu zituzten azokan eta Maribik Beleixe Irratian aitortu zuenez, "ez genuen halakorik" espero. Dirua Boli Kostan "botikak erosi edo premia gehien duten gauzetara bideratzeko" erabiliko da. Igandean Dorraon izan ez zirenek eta laguntza eman nahi dutenek Nafarroako Kutxako 2054 0184419156154392 kontu zenbakian egin ditzakete haien ekarpenak.