Mochila 21, artez eta ilusioz gainezka

Guaixe 2010eko otsailaren 10a

Iruñeko Gaiarre Antzokiak Eszena eta Elbarritasuna zikloaren 4. edizioa antolatu du. Teatris eta Mochila 21 taldeek itxiko dute aurtengo zikloa, gaur. Isterria Hezkuntza Bereziko Zentro Integratuan sortu da Teatris taldea eta Mochila 21, berriz, Nafarroako Down Sindromearen Elkartean. Azken talde honetako kide da Aintzane Lizarraga dorrobarra. Mochila 21Musika integraziorako bidea da Nafarroako Down Sindromea Elkartearendako. Horregatik sortu zuten Mochila 21 taldea. Perkusioa da taldearen oinarri nagusia eta horren gainean, melodia jartzen dute hiru saxofoilarik. Aintzane Lizarraga da horietako bat; Borja eta Iñakirekin batera saxoa jotzen du. Beste bederatzi lagunek osatzen dute taldea. Musikarekin gozatu egiten dute eta, bide batez, elkarrekintza, komunikazioa eta adierazpena lantzen dute. Asteazkenean, Musikak batzen gaitu ikuskizuna eskainiko dute Gaiarre Antzokian. Mikel Barrenetxea eta Eduardo Beaumonten laguntza izanen dute. Gainera, Barricada taldeko abeslari El Drogasek ere parte hartuko du En blanco y negro temarekin. "Ui! Niri asko gustatzen zait Barricada taldea" zioen Aintzane Lizarragak Guaixe aldizkarian egindako elkarrizketan. Zaratrusta, La vida es un milagro (Emir Kusturica), We will rock you (Queen), Watermelon Man eta Blue Monk abestiek osatuko dute egitaraua. Fermin Goñik egin ditu moldaketak. Eszena eta ElbarritasunaBi urtetik behin antolatzen da Eszena eta Elbarritasuna zikloa. Antzerkia, musika eta ez-gaitasuna lotu eta gutxitu fisikoen gaitasun artistikoak erakustea du helburu. "Ikusleek ez dezatela artisten ez-gaitasunean pentsatu, guk bezala edo hobeki antzeztu edo lan egin dezaketen artistak izanen dituzte aurrean; sentitu eta sentiarazi egiten dute" diote antolatzaileek. Aurreko edizioetan bezala, emanaldi arrakastatsuak espero dituzte.