Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apustuen emozioa heldu da gurera, izan ere Iban Resano aizkolari sakandarrak Joxe Felix Zubizarreta azpeitiarrak bota zuen desafioa onartu baitu: hamar 60 ontzako enbor erdibitzea. Azpeitiako zezen plazan neurtuko dituzte indarrak bi aizkolariak, igandean bertan, maiatzaren 22an, 12:30etik aurrera. Egurrak erdibana plazaratuko dituzte eta alde bakoitzak 3.000 euro jarriko ditu jokoan. Zubizarretarendako bigarren apustua izanen da hau. Alex Txikonen kontra jokatu zuen aurretik, Azpeitian, eta Zubizarreta bera izan zen gailendu zena. Baina Iban Resanorendako lehendabiziko apustua izango da hau. Urduritasuna "aste bukaeran helduko zaiola" aitortu du Dorraoko aizkolariak, eta Zubizarreta faboritoa dela onartzen du. Hori bai, bera "kapaza" ikusten da eta Zubizarreta "estutzea" izango da bere helburu nagusia. Ea dorrobarrak zortea duen. GERTUTIKIban Resano Igoa, Dorraoko aizkolariaNola erabaki zenuen Zubizarretak botatako desafioa onartzea?Joxe Felix Zubizarretak irratian bota zuen desafioa. Nik ez nuen entzun, baina Axio Floresek komentatu zidan entzun zuela. Ni gogoekin nengoen eta onartzea erabaki nuen. Sakanako Aizkora Eskolan hasi zinen aizkoran murgiltzen. Bai, han hasi ginen eta urte asko eman ditut. Aurten ere izena eman nuen, baina asko gaude izena emanda eta bertan ezin da entrenamendu luzerik egin. Normala denez, txandakatu behar gara. Horregatik, Juan Mari eta Floren Nazabali komentatu nien hobe nuela desafioa eskolatik kanpo nire kontu prestatzea. Eta nola prestatu zara desafiorako?Aritzen naizen beste kirol guztiak - pilota, futbola, frontenisa... - utzi eta aizkoran zentratu naiz, aizkora gogor xamarra baita, eta oraindik ikasteko asko dut. Dorraon entrenatzen dut, etxeko bordan, astean bizpahiru egunetan, eta Juanjo Lopez, Erdozia, Nazabaldarrak, Axiok ahal duenean... etortzen zaizkit prestaketa lanetan laguntzera. Gehienbat lezaundarren laguntza dut, Juanjo Lopezena eta Manuelena. Beraiek laguntzen didate, astero, enborrak prestatzen eta entrenatzen. Saio bakoitzean ordu bat inguru aritzen naiz, lehenik eta behin luzamenduak egiten eta lasterka egiten, eta ondoren aizkorarekin lanean, 40 minutu inguru. Eta nola joan da prestakuntza?Apustua ongi prestatzeko laguntza asko behar da, eta nik, zorionez, laguntza asko izan dut. Dezente hobetu dut, baina ikusi behar igandean nola nabilen. Ni kontziente naiz Zubizarreta dela faboritoa. Hasteko, berak bota zuen desafioa. 2009an elkarrekin aritu ginen Euskal Herriko Txapelketan, paretsu, baina dezente hobetu du. Aurretik Alex Txikonen kontrako desafioa ere irabazi zuen. Bera da faborito, baina ni kapaza naiz, eta bera ahalik eta gehien estutzea da nire helburua. Ni irabaztera noa, bestela ez nuke desafioa onartuko, baina ez dakit igandeko nerbioak nola eramango ditut. Azkenean nire erronka da ikustea plazagizona naizen hala ez. Zer diote gertukoek?Familia eta lagunak gogoekin daude, eta gehienak Azpeitiara hurbilduko dira animatzera.