Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur, ostiralarekin, III. Mailako Euskal Herriko Aizkora Txapelketari hasiera emanen dio San Juan festetan murgilduta dabilen Hernanik. Aipatu txapelketan guztira 35 aizkolari ariko dira, hiru multzotan banatuta. Multzo bakoitzak bere kanporaketa jokatuko du, eta kanporaketa bakoitzeko lehen bi sailkatuek, guztira sei aizkolarik, final handirako sailkatzea lortuko dute.Lehen kanporaketa Hernanik hartuko du, gaur, San Juan festetako egun handian, 17:30ean, Ezkiaga plazako pilotaleku irekian. 12 aizkolari ariko dira, aizkolari sakandar bakarra tartean, Dorraoko Iban Resano. Unai Aldape, Beñat Lekue, Aritz Oregi, Iñaki Agirre, Xabier Alkizalete, Mikel Larrañaga, Jon Irazu, Raul Kastro, Ruben Saralegi, Julen Kañamares eta Diego Riaño izanen ditu aurkari. Aizkolari bakoitzak lau pago-enbor kanaerdiko ebaki beharko ditu. Bi onenak sailkatuko dira finalerako.