Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Elizara joaten ziren fededunak eguraldiaz babesteko aspaldi estalpe bat eraiki zuten dorrobarrek Elizbide kalean. Urteen joanak hari eusten zioten egituretan marka utzi zuten. Pareta zatiren batean erortzear zegoen, beste toki batzuetan konponketa txikiak eginak zeuden. Estalpearen egurrezko egitura ere erabat hondatuta zegoen, erortzeko. Gainera, kalean porlana lehenik, asfaltoa ondoren zabaltzean 10-12 zentimetro gelditu zen eta estalpearen altuera txiki gelditu zen, 1,70 cm inguru. Dorraoko Kontzejuak estalpea berritzea erabaki zuen. 66 metro luze inguruko egitura berritzeko lanak azaro hasieran hasi ziren eta aste honetan despeditzea espero da. Zegoen estalpea bota eta porlan eta galtzinaz egindako pareta jaso da, Vianako Printzea erakundeak hala eskatuta. Zuraje berria haritzez egina da. Gainera, lehen ez zituen oinarriak jarri diote. Lanak despeditzean estalpe azpitik eroso pasatzeko aukera izanen da, pasabideak 2,20 metroko altuera izanen baitu. Dorraoko Kontzejuak lanetarako 50.000 euro inguru bideratu ditu. Lanak egiteko, Nafarroako Kutxaren eta Esteban Lizarraga eta Victoria Etxeberria Fundazioaren laguntza jaso du, besteak beste.