Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Kofradia dorrobarrak 32 bat bazkide ditu. Bihar, 9:00etan, San Juan ermitan bilduko dira, mezan. Elizkizuna despeditu ondoren, kofradiako Nagusiaren etxeko ezkaratzean etxeko eta kofradiako hildakoen aldeko otoitza. Itur aldea elkartea izanen da hurrengo geltokia. Hantxe gosaldu (baratxuri zopa eta axuri hankak tripotxekin) eta bazkaldu (zopa, txitxioak, haragi egosia eta erreya, hau da, esnetxerria edo arkumea) eginen dute kofradeek. Karmen, Amparo eta Blanki arduratuko dira guztia prestatzeaz. Elkartean bertan hurrengo urtean kofradiako Nagusia izanen dena aukeratuko dute eta, horrek, aldi berean, 3 laguntzaile edo mutil aukeratzen ditu. Haiek gaur kofrade guztiei biharko mezarena gogoraraziko diete eta ondoren Nagusiarekin batera elkartean afalduko dute. Idazkari postua ere badu kofradiak, baina azken 15 urteetan badu zein horretaz arduratu. Zaharrago bat bazegoen ere, 1.735eko akta liburuari segida eman dio hark aurten ere. Elkarteak hartzen du gaur egun ospakizuna, baina garai batean Nagusiaren etxean izaten ziren gosaria eta bazkaria. Behar bezala prestatzeko aldameneko etxeetakoei mahaiak eta aulkiak eskatu beharrean suertatzen zen Nagusia. Etxeko emakumeak lan karga handia zuten. Duela 20 bat urte hasi ziren elkartean egiten.