Lipduba ez den hori herrian ikusgai

Guaixe 2012ko azaroaren 30a

Kutxi Romerok konposatu eta Motxila 21 taldeak jotzen duen No somos distintos kantuarekin bideoa egin dute. Taldea Down Sindromea daukaten 12 gaztek osatzen dute eta haien artean dago Aintzane Lizarraga Etxeberria (saxofoia) dorrobarra. Haiekin batera taldean 9 irakasle daude; horietako hiru ere dorrobarrak dira: Ainhoa Lizarraga Etxeberria (akordeoia), Mirian Razkin Tajuelo (saxofoia) eta Andoni Zilbeti Elia  (saxofoia eta kitarra-abeslaria).Iñaki Alforjak egindako bideoa lipduba ez den lipdub gisa definitu dute. Lipduba ez den lipduba eta martxoan egindako bideoklipa bi helbururekin sortu dira: ezgaitasunaren inguruan gizarte-kontzientzia suspertzeko batetik, eta, bestetik, gizarteari erakusteko laguntza pixka batekin hori eta gehiago egiteko gai direla.Nafarroako makina bat tokitan grabatu zen. Baita Dorraon ere. Irailaren 22an izan zen eta 80 bat pertsonek parte hartu zuten, Aintzanek luzatutako gonbiteari erantzunez. Kolektibo ezberdinak ateratzea nahi zenez, mendizaleak, Dorraoko errolda, musikariak, pilotariak, aizkolariak, kaxerak, Dorraoko andreak, txirrindulariak, Unanuko momoxorroak, motorzaleak eta beste agertzen dira. Haiekin batera, Idoia Resanoren zaldiak ere agertzen dira bideoan. Bideorako irudiak grabatu ondoren merezitako gosaria izan zen denendako, denek prestatuta. Lipduba ez den lipdubaren mustutzea Iruñako Golem zinemetan izan zen azaroaren 10ean. taldearen bideoa eta hura egiteko prozesua ikusteko aukera izanen da Dorraoko elkartean. Ondoren, filmatu den herrietako emanaldiak etorriko dira.