Aintzane Lizarraga Iruñean bizi den dorrobarra da. 26 urteko neska gazte hau Nafarroako Down sindromea dutenen elkarteko kide da, baita saltsa guztietako gatza eta piperra ere. Egun Zarako biltegian lan egiteaz gain, beste hamaika kontu ere egiten ditu. Bere zaletasunen artean musika da leku gehien hartzen duena, eta saxofoi klaseetara joan aurretik harrapatu dugu bere etxean bere ahizpa eta amarekin. Urduri, lotsatuta... baina guzti guztia kontatzeko prest. Bere bizipenetatik irakaspen argia atera dugu.
Ítaca
Down sindromea duten Nafarroako elkarteko kidea da Aintzane eta Ainhoa ahizparen esanetan, elkarte horiek oso onuragarriak dira bai haientzat bai familia guztiarentzat.Elkarte horri esker down sindromea duten neska-mutikoei txikitatik garapen integrala ahalbidetuko zaie. Horregatik, Derrigorrezko Hezkuntza amaitzen dutenetik bestelako bideak irekitzen ere saiatzen dira. Ainhoaren, Aintzaneren ahizpa, esanetan Kaváfisen olekiak oso ongi laburbiltzen du elkarte horren filosofia. "Ítaca guztion helmuga da. Baina Itacara iristeko egin beharreko bidean zenbait esperientzia bizi eta horietatik ikasi behar dugu".
Bizitzako esperientzia edo ikasbide guztiei Ítaca deitzen diote elkartean; lan integrazioari, esaterako, Ítaca I deitzen diote. Integrazioa arlo guztietan bultzatzea da elkartearen helburua, eta lan normalizatuetan integratzeko ere martxan dute egitasmoa. Aintzanek, kasu, Zarako biltegian lan egiten du goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara. Lan polita dela dio, hori bai "5 jefe ditut. Asko ezta?"
Aisialdia da integrazio soziala lantzeko biderik garrantzitsuena eta alor horretan lan handia egiten dute Nafarroako elkartean. Ia arratsaldero ekintzak dituzte: informatika, igeriketa, musika....Baina Aintzaneri gehien gustatzen zaiona irteerak dira. "Asteburuetan zinemara, kanpora afaltzera, boloetan jolastera, etab. joaten gara eta nik primeran pasatzen dut. Batzuetan dantza egitera ere joan izan gara! Eta orain dela gutxi Altsasuko ihauterietara joan ginen asteburu pasa".
Aldapa.Autogestiorako ikasten
Aintzane Lizarragak Aldapa taldean ere parte hartzen du. Talde hau Down sindromea duten 15 lagunez osatuta dago eta horren helburua, besteak beste, erabakiak hartzen ikastea da. Taldearen kudeaketa ekonomikoaz ere arduratzen dira eta eginkizun hori ardura handikoa dela aitortu du Aintzanek.
Beste herrialdeetako taldeekin harremana mantentzen dute. Orain dela 2 asteburu, esaterako, Bartzelonan izan ziren eta esperientzia oso polita izan dela baieztatu du Aintzanek. "Oso ongi pasa dugu!!! Jendea oso jatorra da eta gainera gauza asko ikasi ditugu. Denbora librean ere gauza asko egin ditugu eta trenez ere ibili gara."
Itaca II- Burujabetasuna
Makarroiak prestatzea, harrikoa egitea, arropa lisatzea edota asteko erosketa egitea ez da gauza ezezaguna jada Aintzanerentzat. Nafarroan aintzindari izan den egitasmo batean parte hartu du gazteak eta zentzu guztietan baikorra izan dela aitortu dute Aintzanek, bere ahizpak eta amak.
Nafarroako Down Sindromea elkarteak martxan jarri duen egitasmo horretan lehen partaideak Aintzane, Maider eta Iñaki izan dira; eta urritik otsailera bitarte hirurak elkarrekin bizitzen egon dira Iruñeako Pio XII kalean, alokatutako pisu batean. Horretarako hezitzaile, laguntzaile eta boluntarioen laguntza izan dute eta denen artean 5 hilabeteko esperientzia ahaztezina bi izan dute.
Amak dio "hasiera batean denoi beldur pixka bat ematen zigula" baina orain oso pozik dago hartu zuten erabakiaz. "Hasieran, lehenengo egunetan, oso gogorra egin zitzaigun, gero pixkanaka-pixkanaka ohitu egiten zara eta asteburuetan etxera itzultzen zen bere maletatxoearekin".
Ainhoak dio horrelako egitasmo erakargarriren aurrean guraso asko atzera botatzen direla. "Pena bat da. Esperientzia hauek oso aberasgarriak dira guztiontzat. Haiek asko ikasten dute eta familiarendako ere oso ona da".
Zalantzarik gabe, Aintzanerentzat esperientzia ahaztezina izan da. Hamaika oroitzapen ditu buruan eta guztiak azaltzea ezinezkoa da. Hunkituta eta urduri hitz egiten du Aintzanek bere etxea izandakoaz. "Bufff... gauza asko ikasi ditut".
Egun bat nire etxean
Goizean goiz jaiki eta lehen lana gosaltzea zen. Ordurako laguntzaile bat joaten zitzaien gosaria prestatzen laguntzeko eta txintxo-txintxo 10etarako lanera joaten ziren hiru gazteak. Adibidez, "goizero ogia erostea nire ardura zen". Erosketen harira, Ainhoak diruarekin nola moldatzen zen galdetu dio bere ahizpari eta Aintzanek barrez "nik poltsikoan dirua soberan dudan aldiro, kafetegietara sartzen naiz kruasana erostera.... Kar kar kar.... Horregatik hezitzaileei egunero tiketa eman behar nien... bestela....".
Lanetik 14:00etan irten eta bazkaltzeko mahaiaren inguruan biltzen ziren hiru lagunak eta txanda zeukan hezitzailea. Gauza asko ikasi dute, baina Aintzaneri sukaldean aritzearena ez zaiola asko gustatzen aitortu du. "Zartaginek, suak, etab. beldurra ematen didate". Hala ere, makarroiak, patata tortila eta arrain-barritak egiten ikasi duela aitortu du aho txikiarekin.
Etxeko paretak egutegi eta ordutegiz josita omen zituzten. Etxeko lanen banaketa ondo eginda zeukaten eta aste batean bati komuna garbitzea tokatzen zitzaion bitartean, beste bati egongela, eta hirugarrenari sukaldea. "Horrela astero txanda aldatzen genuen".Hori bai, asteko erosketa egitea hiruren ardura zen. Igande gauean erosketen zerrenda egin eta astelehen arratsaldean hirurak supermerkatura joan ohi ziren. "Oro har ez genuen arazorik, ia denetarik gustatzen zaigu eta".
Oso ongi antolatzen omen zituzten etxeko lanak, denon ardura zen etxea txukun mantentzea eta arau batzuk betetzea. Asko ikasi duela errepikatu du, baina hemendik aurrerakoaz galdetuta, amak barre egiten du, "ea orain etxean ere bazkaria prestatu, garbitu eta halakoak egiten dituen".
Gauetan ere, egunaren arabera, telebista ikusi edo bakoitza bere gelan egoten zen. "Aintzanek berezko pasioa dauka idaztearekin", hala aitortu dute ama eta ahizpak eta Aintzanek buruarekin baieztatu du aurpegia gorritzen zaion bitartean. "Nik nire gauzak idazten ditut".
Agur 5 hilabeteko independentziari!
Otsaila hasieran bukatu zen Aintzaneren egonaldia. Pisura sartzeko bi eskari izan ziren eta 3 plaza daudenez, zozketa egin ondoren, Maiderrek beste bi lagun berrirekin jarraituko du pisuan. Aintzane eta Iñakiri, berriz, maleta egin eta etxera bueltatzea egokitu zitzaien. Sentsazioa gazi-gozoa izan zen. Pozik, bizi izandakoagatik, baina triste abentura bukatu zelako.
Egonaldi bikain horri amaiera emateko bazkari bat antolatu zuten Maiderrek, Iñakik, Aintzanek eta haien familiek. Bazkari berezia izan zen eta 3 dorrobarrak hunkitu egiten dira egun hori burura datorkien aldiro. Malkoak begietan, "oso- oso polita izan zen". Maiderrek egun horretan bi lagunak agurtzeko olerki batzuk prestatu zituen eta bertaratuen malko isuria ekarri zuten.
Bazkaldu ondoren pisura bueltatu eta maletak egiteko ordua iritsi zela jabetu ziren Iñaki eta Aintzane. Haien etxea izandakotik gauza guztiak bildu eta agur esateko tenorea. "Autora iritsi ginenean konturatu zen Aintzane hura utzi eta etxera zetorrela" esan du ahizpak. Bistan da Aintzanek ez dituela momentu gogor horiek gogoratu nahi, goibel jartzen delako.Dagoeneko amaitu da Aintzaneren egonaldia eta gurasoenera bueltatu zen otsaila hasieran. "Nire txanda amaitu da eta orain beste batzuk daude nire lekuan. Beno ea noiz egokitzen zaidan hurrengoa" Adierazpen horiek barru-barrutik atera zaizkio Aintzaneri, eta ama eta ahizpa asko poztu dira etxeko txikienari hori entzuteaz. Arrazoia dauka Aintzanek, oraingoan bera izan da "zorionekoa" eta, agian, datorren ikasturtean beste esperientzia berri bati ekingo dio.
Musika. Integraziorako bide bat
Aintzane Lizarragaren pasioetako bat musika da. Beharbada familiatik datorkio, bere ahizpa ere musikaria baita. Asteartero saxoa ikastera joaten da eta dagoeneko talde bat ere sortu dute. Mochila 21 da taldearen izena eta Borja eta Iñakirekin batera saxoa jotzen du Aintzanek. Ainhoa Lizarraga, Aintzaneren ahizpa, musika taldean boluntario lanetan aritzen da eta asko asetzen duela aitortu du.
Musikarekin gozatu egiten dute eta Down sindromea dutenendako oso terapia ona da; horren bidez elkarrekintza, komunikazioa eta adierazpena bultzatzen dutelako.Kontzertuak ere eskaini dituzte, horietako bat iazko gabonetan. Jus La rochan eskainitako kontzertua oso berezia izan zen, bai parte hartzaileendako bai ikusleendako. Barricada taldeko El Drogas gonbidatu zuten kantura "Ui! niri asko gustatzen zait Barrricada taldea".
Eta bukatzeko....Ni nongoa naizen? Dorraokoa. Argi gera dadila
Aintzane Iruñean bizi da, baina Dorraorekin harreman oso estua dauka. Bere sustraiak Dorraon dauzka eta agian etorkizuna ere bertan kokatzen du. Nongoa den galdetuta, argi erantzun du "Ni? Dorrao, Dorrao".
Familia eta lagunak ez zaizkio faltako. Asteburu askotan etortzen da Aintzane Dorraora eta oso maitatua da lagun artean. "Oso-oso jatorrak dira nire koadrilakoak eta primeran pasatzen dut han". Herriko elkartean makina bat afaritan egon da eta koadrilan asko maite dutela eta estimatzen dutela nabaria da. Ziurrenik afari horietan ere bera izanen dela saltsa guztietako gatza eta piperra!!!