San Anton egunez, larunbatean, gosaldu behar zutena prestatzeko ostiral gauean elkartu ziren kofradia dorrobarreko arduradunak, eta bide batez afaltzeko. Lanak despedituta, larunbatean, 9:00etan, mezara joan ziren kofradiako zenbait kiderekin eta beste zenbait herritarrekin. Handik aterata Jose Antonio Lizarraga Etxeberria priorearen edo nagusiaren etxean hildako kofradeen omenez errespontsua errezatu zuten.
Itur-aldea elkartea izan zuten hurrengo geltokia. Han gosaldu aurretik, nagusi kargua izan ez dutenen artean zozketa egiten da, heldu den urtean kargua zeinek izanen duen erabakitzeko. Denak pasa arte ezin da kargua pasa. Kofradeetako batek aitortu zigunez, gero eta kide gutxiago dira. Gosaltzeko garaia, mahai jokoei utzi zieten tokia, bazkal garaira arte. 25 bat gizon izan ziren ospakizunean parte hartu zutenak.
Dorraoko San Anton kofradia 1923an sortu zen. Nagusiak bi laguntzaile ditu kofradiako kontuak emateko: Angel Pueyo Lizarraga eta Borga Mari Razkin (garai batean hiru ziren). Gainera, kofradiako idazkaria Mikel Lizarraga Razkin da. Haien egitekoa egunerako guztia prest izatea da. Jatekoak prestatzeaz emakume sukaldari batzuk arduratzen dira, elizara joaten direnekin batera, ospakizunean parte hartzen duten bakarrak, gizonen kofradia baita San Anton.