Unanu eta Dorrao artean pasiatzen zegoen emakumezko batek gizona ezpondan botata ikusi du gaur goizean. Larrialdi zerbitzuak 9:50 aldera gaztigatu ditu eta hurbil zegoen Foruzaingoaren patruila bat izan da iristen lehena. 69 urteko gizonak ez zuen arnasarik hartzen eta pultsurik ere ez zuen. Gizonak bihotz-biriken gelditzea zuela jabetuta foruzainak suspertze lanak hasi dituzte, Etxarri Aranazko osasun etxeko mediku eta erizaina eta suhiltzaileak iritsi diren arte. Desfibriladorearen hiru deskarga eman ondoren pultsua berreskuratu du eta monitorizatu dute. Behin egonkortuta helikopteroz Iruñeko ospitale gunera eraman dute.