Osasuna Magna Xotako kapitainak, Javi Eseverrik, denboraldi bukaeran taldea utziko duela iragarri zuen ostiralean, prentsaurreko berezian. Otsagiko jokalari mitikoak Xotako familia osoa izan zuen alboan albistea ematerako unean. 40 urte ditu Eseverrik, eta arrakastaz beteriko ibilbidea bertan behera uzteko tenorea iritsi dela erabaki du. “Aspaldi areto futbola noiz utzi neraman buruan, baina uda bukatuta hartu nuen erabakia. Lasaitasunez hartu dut, izan ere urteak ez dute barkatzen, eta eguna iritsi da” aipatu zuen kapitain handiak.
Javi Eseverrik Xotan hasi eta despedituko du bere ibilbidea. 23 urtez izan da profesional Irurtzungo taldearekin. “Une gogorra da, gazi-gozoa, baina uste dut onena dela. Ongi nago fisikoki, eta jarraitzeko aukera izango nukeen, baina unea iritsi da” berretsi zuen. Tatono Arregi presidente irurtzundarrak Otsagikoaren ibilbidea goraipatu zuen. “Kirolari diren ororendako ispilua da” zihoen. Izan ere, Javi Eseverri estatuko areto futbol jokalaririk onenetakoa izan da. Talde askok nahi izan dute Otsagikoa fitxatu, baina berak Xotan egon nahi izan du beti. “Diruaren gainetik dauden gauzak daude; ni hemen zoriontsua izan nahiz eta zoriontsu izaten jarraitzen dut; hau da nire etxea” aitortu zuen kapitainak. Imanol Arregi entrenatzaileak, bere aldetik, Eseverriren baja “bete ezina” izango zela onartu zuen. “Urte bat gehiago jarraitu ahalko zuela aipatu nion, baina bere erabakia da eta errespetatzen dut” gaineratu zuen. Eseverrik aitortu zuen bere etorkizuna Xota klubari “lotuta” egongo dela.
Palmarés ikusgarria
1995. urtean debutatu zuen Eseverrik. Ordutik, Espainiako Kopa 12 aldiz jokatu du, titulua erabakitzeko play-offetan bi aldiz jokatu du, Zilarrezko mailako txapelduna izan da (97-98), Zilarrezko Mailako Kopa irabazi du (97-98), , eta Ohorezko mailako ligako txapeldunordea 809-10) eta Errege Kopako txapeldunordea (16-17) izan da. Horretaz gain, Espainiako selekzioarekin 67 partida jokatu ditu Eseverrik eta Europako bi txapelketa irabazi (2007, 2010) eta Brasilgo Mundialean txapeldunordea (2008) izan da. 2006 urtean Ohorezko Mailako hegal-atzelari onena aukeratu zuten.