Resanok Nafarroako 1. Mailako Txapelketako kanporaketa du jokoan

Guaixe 2019ko ira. 20a, 08:04

Igandean izanen da kanporaketa, 17:30ean, Uharte Iruñeko Toki-Alai pilotalekuan, eta ariko diren 9 aizkolarietatik 5 onenak final handirako sailkatuko dira

Igandean Nafarroako 1. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatuko da Uharte Iruñeko Toki-Alai pilotalekuan. 9 aizkolari ariko dira guztira: Iker Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Oier Kañamares (Arostegi), Ruben Saralegi (Leitza), Juan Jose Lopez (Lezaun), Eneko Saralegi (Leitza), Iban Resano (Dorrao) eta Asier Pellejero (Areso). Julen Kañamares ere aritzekoa zen, baina ezingo da aritu, lesionatuta baitago. 

Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu beharko ditu etzi Uharten. Lehen bost sailkatuek azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den Nafarroako 1. Mailako Txapelketako finalerako sailkatuko dira, eta azkeneko bi sailkatuek, printzipioz, maila galduko dute. Eta aipatzekoa da azken aurreko sailkatuak Julen Kañamaresen aurkako jaitsiera kanporaketa eskatzeko aukera izanen du. 

Nafarroako puntako aizkolariak dira igandean lehiatuko direnak; ea dorrobarrak lan ona egiteko aukera duen eta lehendabiziko bosten artean sailkatzen den, finala jokatu ahal izateko. 

Goizeder Beltza, EHko 3. mailako finalera
Igandean Euskal Herriko 3. Mailako Aizkolarien azken kanporaketa jokatu zen Irurtzunen. Guztira 11 aizkolari aritu ziren lanean, tartean Goizeder Beltza etxarriarra eta Iker Gorriti uhartearra, eta lau kanaerdiko erdibitu behar izan zituzten. Lehen bi sailkatuek lortu zuten final handirako sailkatzea: Eneko Saralegik eta Goizeder Beltzak. Oraindik zehaztu gabe dagoen datan eta tokian jokatuko dute finala biek, Ruben Saralegi, Xabier Orbegozo “Arria V.a”, Luis Polanko, Txomin Amundarain eta Ioritz Gisasola aizkolariekin batera.