Aizkora

Resano ez da Nafarroako finalean egongo 8 segundogatik

Guaixe 2019ko ira. 24a, 13:00

Nafarroako 1. Mailako Txapelketako kanporaketan seigarrena sailkatu zen aizkolari dorrobarra, eta finala jokatzetik kanpo geratu zen 8 segundo eskasengatik

Igandean Nafarroako 1. Mailako Txapelketako kanporaketa jokatu zen Uharte Iruñeko Toki-Alai pilotalekuan. 9 aizkolari aritu ziren: Iker Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Joxean Etxeberria (Ziga), Oier Kañamares (Arostegi), Ruben Saralegi (Leitza), Juan Jose Lopez (Lezaun), Eneko Saralegi (Leitza), Iban Resano (Dorrao) eta Asier Pellejero (Areso). Julen Kañamares ere aritzekoa zen, baina ezin izan zuen, lesionatuta baitago. Medikuaren agiria aurkeztu zuen. 

Aizkolari bakoitzak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituen, eta lehendabiziko bostek finalerako txartela lortuko zuten sari. Iker Vicentek esana zuen udan erakustaldi gutxiago egin dituela eta hobe, freskoago iristen zela finalera eta ez zen okertu. Lehia polita izan zuen Jon Rekondo leitzarrarekin. Biak gertu ibili ziren, baina azkenean Otsagikoa lanak bukatzen azkarrena izan zen (14:51) eta ia minutu bateko tartea atera zion Rekondori (15:46). Ruben Saralegi izan zen hirugarrena (16:08) eta Juan Jose Lopez laugarrena (16:26). Joxean Etxeberriak  eta Iban Resano dorrobarrak bosgarren postua lortzeko lehia oso estua izan zuten, baina azkenean Etxeberriak lortu zuen bosgarren postua (17:08) eta finalerako txartela, Resanoren kaltetan (17:16). Dorrobarra 8 segundo eskasengatik ezin izan zen finalerako sailkatu. Oier Kañamares 7.a sailkatu zen (17:48), Eneko Saralegi 8.a (18:38) eta Asier Pellejero 9.a (18:55). Azkeneko biek, printzipioz, maila galduko dute, baina azken aurreko sailkatuak, Eneko Saralegik, Julen Kañamaresen aurkako jaitsiera kanporaketa eskatzeko aukera du. 

Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako finala Donezteben jokatuko da azaroaren 15ean, 18:00etan.