Lantegia saltzeko zain

Guaixe 2021ko urt. 14a, 12:56
Sutarako egurra Aixkardi kalean botata. Artxiboa.

Baso aprobetxamenduak emandako diruarekin hainbat lan egiteko aukera izanen luke kontzejuak. Beste lantegi bat ateratzeko bidea konpondu da Atazabalen eta LED argiak jarri dira argiteria publikoan.

Urte batetik bestera gutxi aldatu da Dorraoko Kontzejuaren aurrekontua. Joan den urtekoarekin alderatuta 800 euro gehiago ditu aurten kontzejuak kudeatzeko, guztira 51.700 euro. Idoia Resano Igoa kontzeju-buruak azaldu duenez, diru horrekin inbertsioak egiteko tarte gutxi dute. Beheko basoan lantegia saltzeko dute eta handik etorritako diruak inbertsioak egiteko aukera emanen lioke Dorraoko Kontzejuari. 

Resanok azaldu duenez, “lantegien salmentatik lortzen den diruaren %20 berriro basoan inbertitu beharra dago. Gainontzeko %80arekin gauzak egin daitezke. Guk, auzoan, maistraren etxeko teilatua konpondu, goian alokatzeko bi etxebizitza egin eta behean denda bat eginen genuke, pandemia garaian primeran etorriko litzaigukeena. Baina, lehenengo lantegia saldu behar da, eta, ondoren, batzarrean erabaki beharko da herrian zer behar dauden eta zer egin diru horrekin”. 

Aurretik saldutako lantegi bateko %20ko diruarekin Atazabalgo bidea konpondu zuten, “han beste lantegi bat salduko dugulako”. Inbertsio hori eginda, Nafarroako Gobernuak nekazaritza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntza deialdira aurkeztea aztertuko dute, hainbat pistak konpontzeko premia baitute, “eta elurra egin ondoren nola geldituko diren ikusi beharko da”. 

Argia, frontoia eta araztegia 
Dorraoko farolek dagoeneko LED argiekin argiztatzen dute. Nafarroako Gobernuak despopulazioaren kontrako jardueretarako dirulaguntza eman zion Ergoienako Udalari eta hark hiru kontzejuei 5.506 euro eman zizkien. Dorraoko Kontzejuak argiteria publikoa eraginkorragoa izateko eta faktura murrizteko erabakia hartu zuen. Gainera, San Pedro ermitarako bidean bi banku jarri zituen, pasieran ibiltzen diren aiton-amonek non eseri izateko.

Goian aipatutako arrazoi berengatik, kontzejuko kideek frontoian ere LED argiak jarri nahiko lituzkete noizbait. “Foku pila bat daude gaur egun. Gainera, argia jartzeko sistemak ez du funtzionatzen. Dirua botata pizteko sistema hautsita dago, tranpa egiten du jendeak eta frontoia argiztatzen du pagatu gabe”, azaldu du Resanok. Azkenik, jakinarazi du, Nafarroako Gobernua araztegia kokatuko den lurren jabeekin akordioa itxi duela eta hura eraikitzeko tramiteak aurrera doazela. Aurten eginen dute azpiegitura berria.