Aizkora

Iban Resano ez da Urrezko finalean egongo

Guaixe 2021ko mar. 4a, 12:00

Resanok eta Juanjo Lopez Azpilikueta ordezkatu zuen Joxean Etxeberriak ez zuten lortu Urrezko Binakako Aizkora Txapelketako finalera sailkatzea. Martxoaren 14ko Azpeitiako finalean Goizeder Beltza izango da gure ordezkari bakarra

Larunbatean Egur Sporten Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako hirugarren finalerdia jokatu zen Mallabian. Hiru biko aritu ziren lanean, martxoaren 14an Azpeitiko Izarraitzen jokatuko den final handirako hirugarren eta azken txartela lortzeko. Iban Resano dorrobarra Juanjo Lopez Azpilikuetarekin aritzekoa zen, baina Lezaungoa lesionatuta zegoenez, Joxean Etxeberriak hartu zuen bere tokia. Haiekin batera Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal” eta Xabier Zaldua eta Julen Aranberri “Elorriaga II.a” lehiatu ziren, ondoko lana egiteko: erlojuaren kontra 45 ontzakoa erdibitu; abiadura lana, 65 ontzako enbor handia erdibitu, txanda librean; eta azken lana, 60 ontzako 6 enbor erdibitu, txanda librean. 

Suharrik eta Basozabalek eta Zalduak eta Elorriaga II.ak lehia oso estua izan zuten eta, azkenean, lehenen lortu zuten gailentzea (20:29) eta finalerako txartela lortzea, Zalduari eta Elorriaga II.ari 23 segundo aterata. Aldiz, Resano eta Etxeberria ez ziren oso fin ibili eta hirugarrenak sailkatu ziren, ia hiru minutura (23:20). 

Goizeder Beltza, finalean
Hiru finalerdiko irabazleek jokatuko dute martxoaren 14an Azpeitiko Izarraitzen erabakiko Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako final handia: Ibai Soroa eta Txomin Amundarain, Goizeder Beltza etxarriarra eta Hodei Ezpeleta eta Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia “Basozabal”.