Nilsa enpresa publikoak Dorraoko ur araztegia egiteko lanen deialdia egin du. Haiek egiteko interesa duten enpresek garagarrilaren 8ra arteko epea dute beraien eskaintzak egiteko. Nilsako arduradunek kalitate eta prezio erlazio onena eginen duen eskaintzari emanen dizkiote lanak. Lanek 435.639,55 euroko aurrekontua dute (BEZ kanpo), baina kopurua 479.203,5 eurora (BEZ kanpo) pasatzen da luzapen edo aukera guztiak kontua hartuta. Enpresak sei hilabete izanen ditu lanak despeditzeko.
Gaur egun Dorraoko saneamendu sareak etxeetako eta gaztandegi bateko ur zikinak jasotzen ditu. Horiek guztiak Leziza ibaiaren eskuinaldean eta herritik 190 metrora dagoen Imhoff putzu batean bukatzen dute (arazketa-sistema bat). Gaztandegiaren isurketak, herriko ohiko isurketekin batera, egungo arazketa-sistema mugara eraman dute. Horregatik, Nilsak araztegi berria egitea erabaki du, gaur egun Imhoff putzua dagoen partzela berean eraikiko dena.
Enpresatik azaldu dutenez, Imhoff putzu berria eginen dute. Han jasotako urak iragazketa biologikoko sistema batera ponpatuko dituzte. Dagoen Imhoff aprobetxatuko dute bigarren mailako dekantagailu gisa erabiltzeko. Eta handik urak sortuko dituzten bi hezegunetara bideratuko dituzte, handik pasa eta gero Leziza ibaian bukatzeko.