Agorrilaren 22an Nafarroako Bikotekako Aizkora Txapelketa hartu zuen Lekunberrik. Hiru bikote lehiatu ziren eta aizkolari sakandar bakarra zegoen, Iban Resano dorrobarra. Resanok Iker Vicenterekin osatu zuen bikotea, eta finalerako faboritoen artean zeuden. Haiekin batera Jon Rekondo eta Eneko Saralegi eta Julen Kañamares eta Joxean Etxeberria bikoteak aritu ziren. Sei kanaerdiko eta sei 60 ontzako, hori zen bikote bakoitzak egin beharreko lana, eta, hasieratik, lehia oso estua izan zen.
Txapelketa oso bizian, azkenean Jon Rekondok eta Eneko Saralegik lortu zuten Nafarroako Bikotekako txapel nagusia (26:00.17), lanak 26 minututan egin eta gero. Iker Vicenteri eta Iban Resanori minutu bat eta 23 segundo atera zizkioten (27:23.79). Julen Kañamares eta Joxean Etxeberria izan ziren hirugarrenak (28:48.47). Beraz, Iban Resano dorrobarra eta Iker Vicente dira egungo Nafarroako txapeldunordeak.