Aizkora

Iban Resanok finaleko txartela lortzeko itxaropena badu

Maider Betelu Ganboa 2021ko urr. 1a, 12:30
Iban Resano Igoa aizkora erakustaldi batean. UTZITAKOA, ARTXIBOA

Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa jokatuko da larunbatean, 18:00etan, Lekunberrin. 8 aizkolari lehiatuko dira finalerako jokoan dauden 5 postu lortzeko. Dorrobarrak ongi entrenatu du eta 5 horien artean sailkatzea espero du

Hitzordu garrantzitsua du larunbatean Iban Resano Igoa aizkolari dorrobarrak. Lekunberriko frontoiko plazak Nafarroako 1. Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa hartuko du 18:00etan eta azaro bukaeran Donezteben jokatuko den final handirako txartelak daude jokoan. Zortzi aizkolari lehiatuko dira: Iker Vicente (Otsagi), Jon Rekondo (Leitza), Julen Kañamares (Arostegi), Eneko Saralegi (Errazkin), Iban Resano (Dorrao) Julen Olano (Leitza), Asier Pellejero (Areso) eta Joxean Etxeberria (Ziga). Oier Kañamaresek ezingo du aritu –medikuaren agiria aurkeztu du–, eta Ruben Saralegik lesio baten ondorioz aizkora uztea erabaki du. Kanporaketan asko dago jokoan: lehen bost aizkolariak azaroaren 19an edo 21ean Donezteben jokatuko den final handirako sailkatuko dira, eta azken sailkatuak maila galduko du.

“Asko dago jokoan, bai. Nik dezente entrenatu dut, eta finalerako sailkatzeko aukera izatea nahiko nuke. Argi dago lehenengoen artean sailkatzea oso zaila dela, baina nik esperantza daukat eta ea laugarren edo bosgarren postuetan sailkatu naitekeen. Dena den, hori larunbatean ikusiko da. Ea mozketan eta korteetan nola ibiltzen naizen, eta gainontzekoak ere nola ibiltzen diren, jakina” azaldu du Ibai Resanok. Egin beharreko lana bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitzea izango da. 

Plazak ematen duen txispa horren faltan
Larunbaterako gogotsu dago, baina, aldi berean, urduritasun pixka batekin. “Txapelketetan beti duzu urduritasun puntu hori, errespetu hori. Eta azkenaldi honetan ia erakustaldirik izan ez dugunez, gehiago, agian” nabarmendu du. Eta hori du faltan, erakustaldi eta txapelketek ematen duten esperientzia hori, bultzada hori. “Ongi entrenatu dut eta fisikoki uste dut ongi nagoela, baina erakustaldiek ematen duten puntutxo hori falta zait. Plaza, finean. Azkenean, entrenamenduetan, erritmo bat hartzen duzu eta uste duzu ezin duzula gehiago eman, baina plazako erakustaldietan beti pixka bat gehiago ematen da, eta erakustaldiek ematen duten puntu hori baduzu, gero txapelketetan nabaritzen da. Aurten hori gabe aritu beharko dugu” dio dorrobarrak. 

Betiko txapelketetara bueltatzeko gogoz
Pandemiagatik ezarrita zeuden murrizketak bertan behera geratu direnez, pentsatzekoa da horrek mesede egingo diola kanporaketari. “Noski, orain arte egin diren txapelketa askok pena ematen baitzuten. Hasieran jenderik gabe, gero aforo mugatuekin… lehengo txapelketetara bueltatzeko gogoa dugu, ikusle asko eta giro beroarekin” nabarmendu du Resanok. Lekunberrikoa ez da plaza txarra. “Esango nuke Larraun eta Lekunberri aldean hemen baino zaletasun gehiago dutela aizkorarako eta herri kiroletarako. Ea larunbatean giroa dagoen, polita izango da kanporaketa ondoren jendearekin hizketatzea, egin dituzun akatsak eta gauza onak komentatzea… ea frontoiak zein itxura duen” gaineratu du. 

Iban Resanorendako Iker Vicente eta Jon Rekondo dira faborito argiak. “Egin dituzten azkeneko txapelketak ikusita, lehen bi postuetan ikusten ditut. Sekulako sorpresa izango litzateke hor ez egotea. Aldiz, beste postuetan ez dakit zein sartuko diren. Espero dezagun ni lehen bostetan egotea” espero du dorrobarrak. 

Azkenaldian Juanjo Lopezekin eta Josu Santamariarekin dabil entrenatzen, eta kanporaketan euretakoren baten laguntza izango du. “Badakizu, azkenean, entrenatzen gabiltzanekin. Bietako bat etorriko da, edo, agian biak, ahal izanez gero” dio. Euren aholkuak eta animoak ongi etorriko zaizkio. Bestalde, azkeneko aste hau lasai hartu duela aitortu du. “Aste honetan, ibiltzera atera, eta aizkora pixka bat probatu, hori izan da asmoa. Eta gehienbat lasaitasuna. Ea egin ditudan entrenamendu gogor horietatik txispa hartzen dudan. Larunbateko kanporaketan ahal dudan guztia egingo dut, eta gauza nola ateratzen den” espero du. Ea Doneztebeko finaleko txartela poltsikoratzen duen.