Astekaria

Inkesta, etxebizitza premia zein den jakiteko

Guaixe 2021ko urr. 25a, 09:26

Meistruban etxea herri erdian dago. DORRAOKO KONTZEJUA

Dorraoko Kontzejuak meistruban etxea eta kontzejuaren egoitza zaharberritu nahi ditu, alokairuko hiru edo lau etxebizitza eraikitzeko. Horregatik, alokairuko zein eskaera dagoen jakiteko inkesta zabaldu du, bihar arte erantzun daitekeena 

Dorraoko Kontzejuak jakin nahi du herrian “alokairuko etxebizitza publikoaren benetako beharra zehatza” zein den. Horregatik, dorroubarren artean inkesta zabaldu du, kontsulta irekia egiteko. Kontzejuko presidente Idoia Resano Igoak azaldu duenez, “gure helburua da etxebizitza duina eskuratzeko jarduerak garatzea da, herriko bizilagun guztien oinarrizko eskubidea delako. Horregatik, inkestako erantzunek babes ofizialeko etxebizitzen eskaintza diseinatzen lagunduko digute, gero eta handiagoa den alokairu-beharrari erantzuteko”. 

Egiteko horretan Dorraoko Kontzejua Nafarroako Gobernuaren Nasuvinsa enpresa publikoarekin lankidetzan ari da; “prozesu osoan haien aholkularitza eta estaldura teknikoa jasoko dugu”, azaldu du Resanok, gaineratuz “inkesta antolatzen, garatzen, eta gizarte etxebizitzaren eskaria identifikatzen lagunduko diguten etorkizuneko ikerketetan lagunduko digute”. Kontzeju buruak nabarmendu duenez, “etxebizitza garrantzi handiko apustu estrategikoa da gure herriaren etorkizun sozioekonomikorako. Horregatik, galdera sorta betetzera gonbidatzen ditugu dorroubarrak”. Resanok argitu duenez, jasotako “datuak anonimoak izanen dira eta ez dute inolako konpromiso pertsonalik ekarriko”. 

Inkesta 
Kontzejuak sei galdera erantzutera gonbidatu ditu herritarrak. Generoa eta adina zehaztu ondoren, etxebizitzaren tamaina nolakoa izatea nahiko luketen zehazteko eskatzen da; 1 eta 4 logela arteko aukera eskaintzen du inkestak. Etxea alokatu edo erostea nahiago luketen ere jarri beharko dute. Gainera, norberaren urteko errentaren berri eman beharko da, horretarako ematen diren bost aukeretako bat markatuz. Azkenik, etxebizitza ohiko bizitegia edo bigarren etxebizitza litzatekeen zehazteko ere eskatu dute. Galdetegia beteta aurkezteko epea asteartean despedituko da. Erantzunak dorraukokonzejua@gmail.com e-posta helbidera bidali daitezke, bestela, Ergoienako udaletxean utz daitezke.