Aizkora

Atzo aurkeztu zuten igandean jokatuko den Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala

Maider Betelu Ganboa 2021ko aza. 26a, 11:45

Finala Tolosako Beotibar pilotalekuak hartuko du igandean, 12:00etan, eta sei finalisten artean Iban Resano dorrobarra dago

Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatutako Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketa ofizialeko finala igandean jokatuko da, 12:00etan, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Atzo, osteguna, egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren finalistak eta antolatzaileak, Iban Resano Igoa dorrobarra tartean. Jakina denez, joan den urtean Lehen Mailako zenbait aizkolarik Euskal Herriko Aizkolari Elkartea sortu zuten eta elkarte horrek antolatuta jokatu zen, igandean, Bilbao Arenan, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia, Iker Vicentek irabazi zuena. Euskal Herriko Herri Kirol Federazioaren eta aizkora elkarte berriaren arteko harremanak ez dira konpondu, eta, horregatik, federazioko Bigarren Mailatik igotako aizkolariek jokatuko dute aurtengo Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako finala. 

Sei aizkolari ariko dira finalean: Hodei Ezpeleta Lopetegi, Luis Maria Txapartegi Gurrutxaga, Xabier Zaldua Alberdi, Oier Kañamares Ibarra, Iban Resano Igoa eta Jose Antonio Etxeberria Osakar. 

Iban Resano aurreko astean Oier Kañamaresen kontra Nafarroako Lehen Mailako Aizkora jaitsiera kanporaketa galtzetik dator, eta aukera ederra du egoerari buelta eman eta Euskal Herriko Lehen Mailari eusteko.