Hurrengo hitzordua lotu dute sanantondarrek

Guaixe 2023ko urt. 27a, 10:59
Dorrao San Anton kofradiako kideen talde argazkia. UTZITAKOA

Heldu den urtean sainduaren egunetik gertuen dagoen larunbatean ospatuko dute San Anton, ilbeltzaren 20an.

Pandemiak joan den urtean eragindako etenaren ondoren, egitarau betea izan zuten dorrobar sanantondarrek larunbatean. Hildako kofradeen aldeko meza izan zuten larunbatean, 09:00etan elizan. Handik Angel Pueio Lizarraga prioaren etxera joan ziren eta hildako kofradeen aldeko errespontsua errezatu zuten. Aita Gurea eta Agur Maria errezatu ondoren Itur-aldea elkartera jo zuten. 

Han lehenengo egitekoa kofradiako ardurak berritzea izan zen. Priore izan ez direnen artean zozketa egin eta Jose Migel Razkin Lizarragari tokatu zitzaion kofradiako priore izateko ardura. Bere laguntzaile, mutil, gisa Agustin Lizarraga Etxeberria eta Juan Patxi Lizarraga Pueio aukeratu zituen.  Gaur egun kofradian 17 kide daude, hiru kidek kofradia uztea erabaki ondoren. Eta priorea zozketatzeko zikloa hiru urte barru despedituko da. Ondoren berria hasi beharko dute. Ziklo berriko priore bat kofradiaren mendeurreneko arduraduna izanen da, erakundeak 2028an ehun urte beteko baitu. 

 Aukeraketaren ondoren mahaira eseri eta baratxuri zopa eta arkume barrukiak gosaldu zituzten. Orain arte bai gosaria bai bazkaria bi emakumezkok prestatzen zuten. Baina aurten egiteko hori catering enpresa baten esku egon da. Bazkaltzeko eltzeko zopa, arkume errea eta tarta izan zituzten.

Dorraoko San Anton kofradiako kideek ez dute urteko kuotarik ordaintzen, baina eguneko gastuak denen artean ordaindu behar dituztela baliatuta, diru pixka bat gehiago jartzen dute. Soberako diru hori kofraderen bat hilez gero, kofradiak haren omenezko meza ordaintzeko erabiltzen dute. Gainera, alargunari ere dirua ematen diote, hildakoaren omenezko beste meza bat ordain dezan.