Ekialderantz eramaten duen Sanpedro bidea hartu, herria aurrera jo eta ermita pasa eta berehala aldapa hasiko da, Atazabalgo bidea. Handik gora egin eta nahiko goian gaudela, ezkerraldean larre txiki bat agertuko da. Eta haren ertzean Gazteluko Borda, herritik 4,3 km ingurura. Halako eraikuntzak azienda babesteko jaso ziren. Dorraokoa ere halaxe zen. Baina dorrobarren aisialdirako tokia ere bihurtu zen. Hala ere, hainbat faktorerengatik bordaren erabilerak behera egin zuen, eta nahikoa hondatuta zegoela ikusita Dorraoko Kontzejuak esku hartzea erabaki zuen.
Lehenik eta behin, azienda basoan sartzeko eskaera egin zion Nafarroako Gobernuari. Izan ere, Dorraon hori egitea debekatu zuen foru administrazioak, azienda eta baso kudeaketa bateragarriak ez zirelako. Baso aprobetxamendu baten ondoren, pagoak gazte zirelako jarri zen debekua. "Zuhaitzak handitu ziren, herrian lehen sektorean gero eta jende gehiago ari da... Ongi argudiatutako eskaera aurkeztu genion Nafarroako Gobernuari. Eta joan zen urtean azienda basoan sartzeko baimena eman zigun", azaldu du Idoia Resano Igoa kontzejuburuak. "Eta, egia esan, primeran etorri zen, lehorteagatik Andian belarrik ez zegoelako. Azienda basoan mendian baino hobe egon zen", gaineratu du Resanok.
Aldi berean, Dorraoko Kontzejuak nekazaritza azpiegiturak hobetzeko dirulaguntza deialdira borda berritzeko eskaera aurkeztu zuen. Baita jaso ere. "Borda bitan banatu dugu, alde bat azienda babesteko da eta, bestea, jendeak erabil dezan. Gainera, errekatik ura hartu dugu, aziendak zer edan izan dezan eta jendeak platerak-eta garbitzeko aukera izateko", azaldu du kontzejuko presidenteak. Lanak azaroan despeditu zituen eraikuntza enpresak. 212,23 metro karratuko azalera duen borda berritzen kontzejuak ia 100.000 euro gastatu ditu eta haren %60 dirulaguntzaren bidez ordaindu du.