Ekaitza izan zen irailaren 4ko iluntzean Sakanan, Dorraon nolanahi ahaztuko ez dutena. Arbizuko kanpinean zegoen dorrobar batek azaldu digunez, “San Pedro ermita aldetik zetorren konoa ikusi nuen, goian zabala eta behean estua, tornadoa”. Dorrobarrak badaki zertaz ari den, Mexikon eta Amerikako Estatu Batuetan egon zenean halako makina bat tornado ikusi zituelako. “Askotan ikusi nituen. Hangoak zabalagoak dira eta lurra jotzen dutenean bazterrak txietzen dituzte. Astelehenekoa txikiagoa zen, baina azkar jo zuen lurra. Dena azkar izan zen”. Dorrobarrak ez zuen ikusi tornadoak Dorrao jo zuela, Arbizuko kanpinetik herria ez baita ikusten.
Etxeko balkoian arropa biltzen ari zen emakumezko dorrobar batek azaldu digunez, 20:30 aldera gertatu zen. “Laino bat, ez oso handia, bueltaka ikusi nuen. Zer ote da?, galdetu nion nire buruari. Eta bat-batean herrira jaitsi zen. Senarrak etxera sartzeko esan zidan”. Emakumezkoak gaineratu duenez, “herrira jaitsi eta herriaren zati bat hartu zuen. Laino txuri bat bezalakoa zen; elurra gogoz egiten duenean ez duzu ezer ikusten. Ba, horrela. Eta haize eroak hasi ziren. Beldurgarria izan zen”.
Gizonezkoa Dorraora iritsi zenean ikusi zuen Aixkardi kalean kalteak zeudela. Tornadoak eragindako haizeteek teilatu puskak pareko etxeko teilatura eta kalera bota zituen. Gure lekukoak, beste hiru lagunekin batera, Aixkardi kalera ez sartzeko zintak jarri zituzten aipatu kalean eta hara ematen dutenetan. Ondoren, Altsasuko parkeko suhiltzaileak joan ziren tornadoak Domixeneko etxe zaharreko teilatuan eragindako kalteak egonkortu eta handik hondakinak botatzeko.
Tornadoak kalte handiagoak eragin zituen. Aixkardi kaletik 50 bat metrora dagoen borda batean, teilatu berria zuena, teila guztiak mugitu zituen. Haizeteak mugitutako aulki batek etxe bateko pertsiana hondatu zuen, eta balkoi batean zegoen armairua lurrera bota zuen. Aixkardi kaletik 30 bat metrora dagoen baratze batean teilatuko uralita puskak agertu ziren. Hainbat etxetan teilak mugitu zituen. Asteartean konponketa eguna izan zuten Dorraon.
Tornadoa
Urrutiko kontuak dirudite tornadoek, baina Entziako Legairen tornado batek pagadiko 40 hektarea hondatu zituen 2018ko garilaren 4an. Wikipediaren arabera, tornadoa indar handiko haize zurrunbiloa da, kiribilean igotzen dena lurretik kumuloninbo hodei bateraino. Haren haizeek 100 eta 400 kilometro ordu arteko abiadura har dezakete, eta erpinak beherantz duen kono edo onil baten itxura du. Fenomeno atmosferiko zikloniko bortitzenetakoa da, baina hedadura txikikoa eta iraupen laburrekoa (segundo gutxitik ordubetera).