Dorraoko irudi memoria liburuan jasoa

Guaixe 2024ko urt. 24a, 09:01
Mikel Razkin Galar liburua aurkezten. UTZITAKOA

Mikel Razkin Galarrek herrian bertan 'Dorrao, Gue modua!' liburua aurkeztu zuen abenduaren 30ean. Itur-aldea elkartea beteta zegoela egin zuen aurkezpena. "Halako gauza txikiekin herritarren kezkak pizten dira, eta herria bizi egiten da; eta jendea bertan bizitzera animatuko da".

Elkartea beteta ikusita, "presio handia sentitu nuen. Jende ezaguna, espektatibaz beteta, hunkituta, eta aho zapore gozoa utzi nahi diezu". Arrakastatsua izan zen aurkezpena. Bideo baten laguntzaz egin zuen aurkezpena Mikel Razkin Galarrek, "jendearen memorian atzera egiteko modu bat izan zen. Nahikoa emozio egon zen". Eguberriak ziren, elkartzeko garaia, eta arratsalde polita izan zuten dorrobarrek. Bukaeran elkarrekin merendatu zuten. 

Razkinek bost urte eman ditu liburua ontzeko. "Norberak bere argazkiak etxeko kaxoi batean ditu, eta ez dira partekatzen. Argitara ateratzeko modu bat zen". Zituen argazkiak erabiliz, zuen asmoaren berri emateko bideoa egin zuen Razkinek eta herriko Whatsapp taldean zabaldu zuen. "Hasierako hilabeteetan etxez etxe argazki zaharrak jasotzen aritu nintzen. Hasiera batean irudi bilduma besterik ez nuen egin nahi, gaika ordenatuta. Horrela denok guztion argazkiak genituzke".

Jendea animatu zen, eta berari edo bere familiako edozein kideri argazkiak ematen hasi ziren dorrobarrak. Jasotako argazki zaharrak bere etxera eraman, han digitalizatu eta berehala bueltatzen zituen. "Amari argazkiak digitalizatzen erakutsi nion. Bitartean nik irudiak antolatu eta bestelako lanak egiten nituen. Jendeak berarendako balio handia duten irudiak utzi zizkigun eta, horregatik, garrantzitsua zen lehenbailehen bueltatzea. Jendeak ikusi zuen arin ibiltzen nintzela, eta argazkiak ez zirela galtzen. Horrek animatu zituen, eta argazki pila sartu ziren".

Irudietan agertzen ziren pertsonak identifikatzen hasi ziren, baina "nahikoa zaila" zenez, utzi egin zuten. Argazkiak atalka eman ditu liburuan, eta irudien edukiez azalpen laburra ematen du liburuak. Esaterako, nekazaritza atalean, eultzi denborako irudiak baliatu dituzte azaltzeko garia jotzeko makinak Dorraon nola zeuden antolatuta. Estarbian, mendian behorrekin dagoen jendea ere ikus daiteke argazki batzuetan, eta horrek herrian zegoen aziendaren eta eskatzen zuen zaintzaren berri emateko aitzakia eman du, baita etxe bakoitzean zenbat buru zeuden jakinarazteko ere. "Galtzen ari diren gauza asko dira. Gazteoi zati bat kontatzen digute, eta horrela guztia batu egiten dugu. Horrela, gazteak bere herrian, bere zainetan janzten ditugu". 

Jasotako irudiak XX. mende hasieratik gaur egunera artekoak dira. Ugarienak festetako argazkiak dira. "Egungo hamar bat argazki ere sartu ditugu. Herrian gaur egun bizi den gazteria guztiaren isla utzi nahi nuen ere liburuan, zenbat eta urte gehiago pasa orduan eta balio handiagoa izanen dutelako argazki horiek. Niretako duela 100 urte jaiotakoak bezainbat garrantzia dute gaur egun jaiotakoek. Borobila ixteko modu bat da". 

Idatziak
Razkinek aitortu duenez, argazki horiek dira liburuaren "bizkarrezurra". Irudiak gaika antolatu zituen, "eta horrek liburuaren aurkibidea eman zidan". Razkinek, bestalde, aitona-amonei entzundakoak eta istorioen berri ematen zuten apunteak gordeak zituen. “Ez ahazteko apuntatuak nituen. Baina liburua haiekin osa zitekeela jabetu nintzen”. Horrekin ere "pixka bat" liatu zen. Pandemia garaian bulkada handia eman zion lanari egileak. 

Liburuaren lehen zatia herriari buruzko historiari buruzkoa da. "Bere garaian Vicente Razkinek herriari buruzko ikerketa egin zuen. Nafarroako Artxiboan ikertzen aritu zen, eta beste liburu batzuk kontsultatu zituen. Kasete txiki bat grabatu zuen herriko historiaren eta zenbait bitxikeriren eta tradizioren berri emanez. Hura transkribatu eta liburuan jaso dut". 

Nekazaritza, abeltzaintza eta bestelako gaietan idatzitako informazioa aitona-amonengandik eta senideengandik jaso zuen. Gainera, Dorraoko Kontzejuaren nahikoa artxibo irakurriak zituen Migel Lizarragak, "informazio ugari eman zidan. Joan zen urtean hil zen, eta liburua ezagutu ez izanaren pena dut". Zenbait dorrobar ere elkarrizketatu zituen, "eta ohitura, festa, abeltzaintza, nekazaritza, historiari buruzko informazio gehiago atera nuen". Razkinek azaldu duenez, "gauzak kontatu" zizkioten dorrobar asko izan ziren ere. "Zerbait nahikoa informala da, ez dago Historia ikerketarik, jendearen bizipenak baizik". 

Toponimia, eta beste
Dorraori buruzko liburuan toki izenen zerrenda bat ere bada. "Pandemiako konfinamendu garaian herriko Whatsapp taldera jokoa bidaltzen nuen. Airetik ateratako herriko argazki baten gainean itsasontzien jolasaren moduko koadrikula bat jartzen nuen, ardatz batean letrak, bestean zenbakiak. Koordenatu baten arabera, han zeuden toponimoen berri emateko eskatu nuen. Jendeak dena eman zuen". Basoko ehun bat toponimo eskuratu zituen horrela. Liburuan ere aire irudi bat erabili du toki izen horien kokapena non dagoen azaltzeko. Atala "osatuta" gelditu delako pozik dago egilea. Liburuan jasoak gelditu dira herriko etxeen izenak.

Bestetik, herrian egon diren zerbitzuen garapena ere azaldu dute liburuan: "aurreneko telefonoa zein etxetan zegoen, emagina zein zen, herrian egon ziren tabernak, noiz jarri ziren lehendabiziko telefonoak eta telebistak, herrira saltzera joaten ziren merkatariak zein ziren eta nondik zetozen, herrian zeuden merkatariak... Denetarik pixka bat". Tripotxen eta tripoten errezetak ere eman ditu Razkinek: "amonarenak herrian ospea bazutenez, haiek argitaratu ditut. Gazteek hor izanen dute errezeta". Festetan abesten zen kanturen baten letra eta beste ere jasotzen du liburuak. 

Segida 
Liburua egitea "erraza" egin zaio, "lana baino, nire zaletasuna izan da, tarteka aritu naiz", aitortu du Razkinek. "Ni ez naiz, inolaz ere letretakoa, ingeniaritza ikasketak ditut. Proiektu honetan tenkorkeriagatik sartu nintzen. Dorrao bezain txikiak ziren beste herrietan eduki mamitsuko liburuak zituztela ikusten nuen, inbidia sentitu eta animatu nintzen". Hala ere, aitortu du "gogorra" izan dela. Liburuak pitteka edukiz hornitzen joan zen. "Baina sekula ez zen bukatzen, informazioa sartu eta sartu egon baita beti. Ikustearen ikusteaz, ez nuen sekula nahikoa kalitatezkoa sumatzen, ez nuen argitaratzeko garaia ikusten". 

Liburua argazki, istorio eta eduki gehiagora "irekita" uzteko, liburuaren akaberan eduki gehigarrirako atala dago. Han dagoen QR kodeak hodeian, Interneten, dagoen artxibo multimedia batera bideratzen du irakurlea. Sareko artxibo horretara materiala igo nahi duten dorrobarrek posta elektroniko batera bidali behar dituzte beraien artxiboak eta Razkinek igoko du hodeira, denen eskura jartzeko. "Hasieran jende askok uste zezakeen bere argazkiak ez zuela balio, baina liburuan antzekoak ikusi zutenean, halako beste irudiren bat badituztela esan zidaten aurkezpenean bertan". Horiek jasotzen ari da orain Razkin: "liburuak duen aurkibide bera du sareko artxiboak. Ia-ia beste horrenbeste argazki atera daitezkeela uste dut. Benetako altxorrak daude". 

Nafarroako Gobernuaren argitalpenerako dirulaguntza jaso du liburua publikatu ahal izateko. Liburuak 300 bat orri ditu, haietatik testua 40 bat orri dira, elebitan idatziak, eta gainontzekoak argazkiak dira. 200 ale argitaratu zituzten, 20 eurotan salgai jarri eta denak saldu dira. Bigarren argitalpen bat egiteko izen-abizenak jasotzen ari dira. "Ez dugu pentsatu liburua nonbaiten salgai jartzea". 

Liburuaren salmentatik ateratako dirua Dorraon sortu berri den kultur elkartearendako izan da. Oraindik ez du izenik. "Bere helburua herriko bizitza animatzea da. Horretarako, gogoa badago, eta elkarte horrek jarduerak antolatuko ditu".