Kofradia egun arraroa

Guaixe 2024ko urt. 30a, 10:59
Sanantondar dorrobarrak Itur-aldea elkartean. ARTXIBOA

Apaizik gabeko ospakizuna izan zen aurtengoa.

Dorrobar sanantondarrak ilbeltzaren 20an, larunbat goizean, elkartu ziren. San Anton kofradiaren topaketan aurreneko ekitaldia elizkizuna izaten da, baina ibarreko apaiz guztiak Mikel Gartziandia Goñiren ordenazioan zeudenez, bestela moldatu ziren. Hildako kofradiako kideen aldeko errespontsua egin zuten. Otoitzaren ondoren Itur-aldea elkartean gosaldu zuten kofradiako kideek, toki berean ere bazkaldu zuten. 

Gaur egun kofradiak hamazazpi kide ditu, baina 30 pasa izatera ere iritsi da. Kofradiako kide gehienak herrian bertan bizi dira, baina herritik kanpo bizi denik ere bada. Eta haiek bat egiteko egun aproposa izaten da San Antonen omenezkoa. Aurten ez da kide berririk egin, baina bajak bai izan direla. Osasun arrazoiak argudiatu dituzte askok kofradia uzterakoan, horrek topaketan parte hartzeko gogo gutxi uzten dielako, edo herritik kanpo bizi direnez etortzea kostatzen zaielako. 

Kofradiako kontuak egunean jarri eta ardurak banatu zituzten. Priore berria Francisco Lizarraga Etxeberria da. Eta haren bi laguntzaileak Borja Marin Lizarraga eta Jose Antonio Lizarraga Etxeberria dira. Priore izateko zerrenda egina dute eta kofradiako kide guztiak kargu hori hartzeko bi urte falta dira. Bestalde, kofradiako kideek heldu den urteko hitzordua ere jarri dute: 2025eko ilbeltzaren 18a.