Galtzak bete lan dabiltza Dorraoko Kontzejuan. Alde batetik, Meistruban etxea zena zaharberritzeko lanengatik. Hura goitik behera zaharberritzeko lanak aurrera doaz. Dorraoko Kontzejuko presidente Jon Razkin Razkinek jakinarazi duenez, “lanak despeditzeko epe muga agorrila da, baina aurretik bukatuko dute. Gu momentu honetan etxebizitzak nola jantzi erabakitzen ari gara”.
Hiru etxebizitza horiek alokairurako izanen dira. “Horiek alokatzeko araudia egiteko dugu. Unanuko Kontzejuaren eredua dugu. Horri jarraituko diogu ziurrenik, baina oraindik ez dakigu zerbait aldatuko dugun edo ez”, azaldu du Razkinek. Nabarmendu duenez, “Dorraon biziko direnei alokatuko zaizkie etxebizitzak. Ez asteburu pasa etorriko direnei. Horrela herrian jende eta mugimendu gehiago egotea nahi dugu”. Horregatik, eta Unanuko ereduari jarraituz, hainbat baldintza eskatzea aztertzen ari dira. Esate baterako, mahai gainean dituzten baldintzetako batzuk dira: alokairu eskatzaileei herrian erroldatuta egotea, edo erroldatu baten seme-alaba izatea.
Eraikinaren beheko partean gizarte zentroa eraiki du kontzejuak. Beste gizarte zentro bat du Itur-aldea elkartearen azpian. Berria zertara bideratu pentsatzen ari dira kontzejuan. Izan liteke denda, gizarte zentroa edo egoki jotzen den beste erabileraren bat. Erabakia hartzen den bitartean espazio berriak dagoeneko jardueraren bat hartu duela jakinarazi du kontzeju buruak.
Aurrekontua
Dorraoko Kontzejuaren aurtengo aurrekontuak 472.100 euroko sarrerak, joan zen urtean baino 95.300 euro gutxiago, eta 304.010 gastuak izanen ditu, 245.620 euro gutxiago. Razkinek azaldu duenez, aurrekontuko jaitsierak egin beharreko inbertsioak txikiagoak direlako da. Hala ere, aurrekontuko 250.000 euro inbertsioetarako dira. Etxebizitzek eta gizarte zentroak eramanen dute zatirik handiena. Udalak izanen duen diru sarreretako bat Ergoienako Udalaren Herri Berritze Planekoa izanen da. Diru hori hiru etxebizitzak janztera bideratzea pentsatzen ari da Dorraoko Kontzejua. Bestalde, kontzejuaren egitekoen artean dago frontoiko argiterian LED argiak jartzea.
Elektrizitatearen autokontsumoan aurrera egiteko inbertsio handia egin berri du Dorraoko Kontzejuak: eguzki plakak jarri ditu frontoiko eta kontzeju etxeko teilatuetan eta elkartearen teilatu zati batean. Horiek sortuko duten argindarra argiteria publikoan, kontzeju etxean eta mediku kontsultategian erabiliko da. Eta elkartean ere pixka bat. Razkinek azaldu duenez, “plakak eta azpiegitura guztia jarrita daude, Iberdrolak sarera lotzea besterik ez da falta”.
Lan horiek Tkin Orma SM enpresak egin ditu 186.692,44 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan du. Europar Batasunaren Next Generationen Dus 5000 programaren bidez finantzatu da lana, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren markoan. Kontzejuaren izenean tramiteak egin dituen Ergoienako Udalak 141.122,30 euroko dirulaguntza jasoko du. Dagoeneko 112.0000 euro iritsi dira.
Hainbeste inbertsiorekin kontzejuan diru sarreraren bati ongi etorria eginen liokete. Horregatik, baso aprobetxamendua saldu nahiko luke. Horretarako, Nafarroako Gobernuari eskaera egin dio kontzejuak eta erantzunaren zain dago.