Astekaria

"Jana izango dutelako sentitzen naiz ongi"

Erkuden Ruiz Barroso 2024ko mai. 22a, 11:57

Maria Jose Mendinueta Elikagai bankuko boluntarioa.

Mari Jose Mendinueta Dorraon bizi den arbizuarra Elikagaien bankuko boluntarioa da. Urte eta erdi inguru darama, eta "oso gustura" egiten duen lana da.

Maiatzaren 24an eta 25ean, ostiralean eta larunbatean, supermerkatuetan egingo den jaki bilketarako boluntario izateko deia egin du.

1. Elikagaien bankuan, zein da zure lana? 
Supermerkatuek gauzak bidaltzen dizkigute, saltzeko balio ez dutenak, baina iraungitze data pasa ez dena eta oraindik aprobetxatu daitezkeenak. Ni barazkietan nago; barazkiak etortzen direnean begiratu behar dira zakarrak daudenak, eta horiek kendu behar dira. Kontenedore handi batera botatzen ditugu, eta horiek nekazari eskolara eramaten dituzte, animaliak elikatzeko. Dena aprobetxatzen da. Lana bukatzen badut, ondokoak laguntzera joaten naiz: fruta, yogurtak eta horrelakoak. Ondoren, etiketak jartzera joaten gara. Kontserbak, esaterako, Elikagaien bankuko etiketak daramatzate. Beste lan askoz gehiago daude: pala mekanikoarekin paleak mugitzen egoten direnak, bulegoetan telefonoarekin laguntzen, banatzen... Marisol Villar da arduraduna, eta emakume oso alaia eta eskuzabala da. Beti laguntzeko prest.

2. Zenbat pertsona ibiltzen zarete? 
Elikagaien bankuan 200 pertsona gutxi gorabehera. Jende asko dago; ikusten ez den lan asko egiten da.

3. Noiz hasi zinen? Zergatik? 
Aurreko urteko urtarrilean hasi nintzen. Alabak esan zidan: "Zu zara pertsona bat gustatzen zaizuna mugitzea eta laguntzea; zerbait egin behar duzu". Baietz esan, deitu nuen eta elkarrizketa egin zidaten. Baratzea dut eta barazkiak gustatzen zaizkit, eta hor jarri ninduten. Oso gustura ari naiz. Ahal dudana egiten dut. 

4. Edonor izan daiteke boluntario? 
Hor gaude medikuak, erizainak, irakasleak, enpresetan oso goiko postuetan egon direnak, eta ni bezalako jendea. Inork ez digu inoiz esan ni hau edo bestea naiz, eta zuk baino ikasketa gehiago dauzkat. Ez; denak berdinak gara. Nire taldeaz oso harro nago, elkar laguntzen dugu. Etxarritik beste bat joaten da, Altsasun bizi den urdindar bat eta Arbizutik ere beste bat. Badaude ere Elikagaien bankutik janaria hartu behar izan dutenak, eta orain laguntzen ari direnak. Oso eskertuta daude. 

5. Astero joaten zarete? 
Bai. Nire taldera asteartetan eta ostegunetan joaten gara, eta beste taldeak beste egunetan. Eskatzen badute laguntza edonor ezin delako joan edo lan asko dagoelako, joaten gara ere. Oso ongi sentitzen zara; oso beteta etortzen naiz. Hor sartzen zarenean, laguntza dago, besterik ez.

6. Zein da egoera? 
Premia handia dago. Badaude familiak ezin dituztenak hiru jatorduak egin; oso gaizki pasatzen ari dira. Lehenengo munduan bizi gara, baina nik ez dut sinisten. Eskerrak Elikagaien bankua eta beste erakunde batzuei, eta eskerrak ikusten ez den jende asko laguntzen badagoela. Nik beti esaten dut nire laguntza baino, gehiago hartzen dudala. Niri harrotasun gehiago ematen dit  jatekoa izango dutela jakiteak. Ez nik ematen dudana. 25.000 pasa daude Nafarroan beharra dutenak. 

7. Maiatzaren 24an eta 25ean jaki bilketa izango da. Parte hartuko duzu?
Bai, normalean Altsasuko Eroskin egoten naiz, eta pentsatzen dut bertan egongo naizela. 

8. Boluntarioak behar dira, ezta? 
Hori derrigorrezkoa da. Jende asko behar da. Nik beti berdina pentsatzen dut: Ailegatuko naiz ni eskatzera? Batek esan zidan ez zuela sekula pentsatuko janaria eskatzera joan beharko zuenik, eta ailegatu zen momentu bat jana eskatzera joan behar izan zena. Ez dakizu noiz ailegatuko zaizun. 

9. Nola egin dezake jendeak? 
Jaki bilketan izena eman nahi duenak Elikagaien bankura deitu dezake: 948 303 813 telefonora, edo Sakanako zonaldeko koordinadorearekin harremanetan jarri; Alfonso deitzen da (667 035 952).

10. Zer da gehien behar dena?
Ikusten dudanagatik, denetatik behar da: Olioa, azukrea, gailetak asko sartzen direla baina behar direnak ere, lentejak, kontserbak, pixoihalak, haurren esnea, baita normala ere... Galtzen ez diren produktu horiek. Badaude laguntzeko modu asko ere, batzuetan gertatzen da produktu batzuetatik asko ematen dela eta beste batzuetatik gutxiago, orduan diru ekarpenak egiten behar den hori erosten da ere. Bizum bidez egin daiteke edota bestela (20262 kodearekin) Elikagaien bankuaren webgunera sartuz. 

11. Gero nola banatzen da janaria?
Beste boluntario batzuk daude. Behar duen jendeari emateko janaria presatzen duten mojei ematen zaie, Cocineros Solidarios bezala elkarteari, bakarrik bizi direnei boluntarioak isilisilik eta ez zaienak ikusten joaten direla. Eta umeei. Kolpe handia eman zidan goxokiak haurrei banatzeko zirela esan zidatenean. Asko egiten da. Ez da ikusten, baina behar duen jende asko dago.