Lanak despedituta, Dorraoko Kontzejuak hiru apartamentu etxebizitza iraunkor gisa alokatzeko baldintzak zehaztu ditu. Izan ere, apartamentu horien eraikuntzarekin Dorraoko Kontzejuak helburu bikoitza du: biztanleria herrian finkatzea eta errenta txikiko pertsonei laguntzea. Horregatik, apartamentuak alokatzeko garaian hiru aspektu kontuan izanen ditu. Familia unitateari dagokionez, zenbat kide dituen, adina eta haurren presentzia. Bestetik, kontzejuak eskatzaileen Ergoienarekiko hurbiltasuna eta harremana kontuan izanen du. Hau da, Dorrao, Ergoiena edo Sakanako bizilagun edo bizilagun baten senide izatea eta lanpostua Ergoienan edo Sakanan edukitzea. Azkenik, Dorraoko Kontzejuak eskatzaileen euskararen ezagutza modu positiboan baloratuko du.
Apartamentuetako bat alokatu nahi dutenendako bestelako baldintzak ere zehaztu ditu Dorraoko Kontzejuak. Batetik, etxebizitza baten jabe ez izatea, eta familia etxebizitzan edo alokairuan bizitzea. Bestetik, alokatzaileak konpromisoa hartu behar du etxebizitza ohiko eta modu iraunkorrean erabiltzeko, eta kontratua sinatu eta 15 eguneko epean, erabiltzaile guztiak Dorraon erroldatuta egon beharko dute. Baldintza berak betetzen dituztenen kasuan kontzejuak erabakiko du apartamentuak nori alokatu. Haien prezioa urtero berrikusiko du.
Apartamenturen bat alokatu nahi dutenek eskabidea eta egiaztagiriak aurkeztu behar dituzte. Aurrez aurre, Ergoienako udaletxean, astegunetan 08:00etatik 15:00etara. Bestela, info@ergoiena.com helbidera bidali daitezke. Eskaerak aurkezteko epea garilaren 22an despedituko da. Kontzejuak aurreikusi du emaitza hilaren 31rako-edo emanen duela. Gehiago jakin nahi duenak 618 94 51 85 (Jon) telefono zenbakira hots egin dezake.
Apartamentuen ezaugarriak
Meistruban etxeko beheko solairuan bi apartamentu txiki daude. Ezkerrekoak 55 m2-ko azaleran logela, bainugela eta sukalde-egongela du. Hura alokatzeagatik hileko 340 euro ordaindu beharko dira. Eskuineko apartamentuak 60 m2 ditu, horrela banatuta: bi logela, bainugela eta sukalde-egongela. Harengatik kontzejuak 375 euro eskatzen ditu hileko. Lehen solairuan 100 m2-ko apartamentua dago. Hark hiru logela, bi bainugela, sukaldea eta egongela ditu. Bere prezioa 550 euro hileko da. Apartamentu guztiak ekipatuta daude, baina altzaririk gabe.