Urriaren 13an Nafarroako I. Mailako Aizkora Txapelketaren kanporaketa jokatu zen Lekunberrin. Bertan lehiatu ziren hamar aizkolariak bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat erdibitu behar izan zituzten.
Iker Vicentek gainontzeko aizkolariak baino koska bat gorago dagoela erakutsi zuen, eta irabazlea izan zen, alde handiz (12:13). 3 minutu pasa atera zizkion Txomin Amundaraini (15:37). Aipatutako bi aizkolariak eta Joxean Etxeberria (15:48), Ibai Soroa (17:09) eta Jon Rekondo (17:45) azaroaren 15ean Donezteben jokatuko den final handirako txartela lortu dute.
Aldiz, azken bi sailkatuek, bederatzigarren izan zen Asier Pellejerok (19:41) eta hamargarren sailkatu zen Iban Resanok (20:14) lehen maila galdu dute eta bigarren mailan jokatuko dute datorren denboraldian.