Astekaria

Urte berrian eltze zaharrak kanpora

Erkuden Ruiz Barroso 2025ko urt. 7a, 08:42

Dorraoko Olentzeroa, eguberrietako tradizioetako bat. UTZITAKOA

Dorraon tradizio berezia dute urte zahar egunean, abenduaren 31n: eltze zaharrekin kalera ateratzen dira, zarata egitera, eta gero eltzeak harriekin apurtzen saiatzen dira, kantatzen duten bitartean. Duela 25 bat urte berreskuratu zuten ohitura

Urte berri, Urte zar, Eltze berri, Eltze zar, Eltzien urdei koxkor bat, Plazan ardo goxoa, Gora Eltze berri, Gora eltze zar Dorraoko kaleetan abenduaren 31n, urte zahar eguneko iluntzean, entzuten diren bertsoak dira. Egun horretan haur eta gazteak eltze zaharrekin aterako dira kalera, zarata eginez, eta herrian zehar ibili ondoren elizan zintzilikatuko dituzte eta harriekin apurzten saiatuko dira. T.L.L. dorrobarrak azaldu duen bezala, eguberrietan Ergoienako herrian egiten den tradizioetako bat da, duela 20 urte baino gehiago berreskuratu zutena. 

"Gure amon-aitonek eta osaba-izebek kontatutako gauzak dira. Haiek kontatu dizkidate ez zenizkidan ohitura batzuk". Dorrobarrak azaldu duenez, eguberriak iritsi aurretik txerria hiltzen zuten, "eta egun handia zen hori". Txerrikiak egiten zituzten, eta zati hoberenak apaizarendako zirela gaineratu du. Negua iritsita, abenduaren 24an, familia biltzen zen, "eta ohitura zen familia kide bakoitzak egur bat hartzea, su baxura botatzen zena". Familian hamar senide bazeuden, hamar egur hartzen ziren, bakoitzak ezaguzen zuen. "Nik ez nuen ohitura hori ezagutzen, egia esan".

Arratsaldean haurrak etxez etxe kantatzera ateratzen ziren, eta garai horretan etxean zutena ematen zituzten: fruitu lehorrak, pikupasak, gaztainak... Gaur egun dirua ematen dela gaineratu du dorrobarrak. Haurrek kalean abesten zuten, eta ondoren gauean etxean denek Olentzerori abesten zietela esan du. Afaldu aurretik ere abarkak eta galtzerdiak prestatzen zituzten. Hurrengo egunean, opariak jasotzen zituzten eta egunean bertan mustu behar zituzten: "Harrigarria baina kontatu zidaten ez nekien gauza bat: oparitutakoa egunean bertan estreinatu behar zituzte Deabruari edo Judasi begiak kentzeko. Bitxia da". Duela 100 bat urteko ohiturak dira. 

Eltze zaharrak
Urte zahar egunean, abenduaren 31n, galzteak eltze zaharrekin zarata egiten joaten ziren herri osoan zehar. Ondoren, elizan zintzilikatzen zituzten, hilerriaren ondoan, eta harriekin apurtzen zituzten. Bitartean Urte berri, Urte zar, Eltze berri, Eltze zar... kanta abesten zuten. Ohitura 2000. urtean berreskuratu zuten, Pepin Pedrori esker; "Askargikoa zen, baina Pepinarekin ezkondu zen eta, beraz, Pepin Pedro". Tradizioak 90 urte inguru dituzten dorrobarrek ez zuten ezagutu, "baina bere gurasoengatik ezagutzen zuten. Pepin Pedrok kanta gogoratzen zuen eta berreskuratzea erabaki zuen". Elkartean zeuden egun batean bota zuen ideia: "Bertan zeuden gazteak, gaur egun 70 urte inguru dituztenak, eltzeak hartzea eta herri osotik joatea erabaki zuten". Haiek hasi eta gaur egun haur eta gaztetxoek jarraitzen dute ohiturarekin: "Berreskuratu da, bai. Gertatzen dena da gaztean ez badaude galtzen dela, baina Dorraon gaztetxo asko daude, eta tradizioak aurrera egiten du". 

Sinbolismoari dagokionez, abestiak dioen bezala, urte berriaren atarian eltze zaharrak atera behar dira berriei lekua egiteko. "Seguruenik eltze zaharrak zaharrenak izango ziren". 

"Gu orain ari gara ohiturak berreskuratzen, baina berreskuratu behar izan genuen aurretik, gure amon-aitonek kontatzen zizkigutenean". Esaterako, inauteriak aipatu ditu dorrobarrak: "Amonak bai ezagutu zituen, amak ez; 120 urte izango zituen amonak, beraz, duela 150 urte inguru ospatzen ziren". Antza denez, "ez zen elizaren kontua izan; antza denez, auzokideen arteko haserreak zeudenez, sekulako kalteak egiten ziren". Hortaz, kontzejuak familia bakoitzeko kide batekin bazkari bat egitea erabaki zuen, gaur egun arte iraun duena. Dorraoko inauteriak Unanukoen "oso-oso antzekoak" izango ziren. 

Fareak
Errege egunaren bezperan, urtarrilaren 5ean, haur dorrobarrak fareak jantzi eta herrian zehar zarata eginez Meltxor, Gaspar eta Baltasarren bila joaten ziren. Lizarragan berreskuratu zituzten errege magoen segizioa, eta herriari buelta eman ondoren, Dorraora eta Unanura joaten dira erregeak. Lizarragan ere abenduaren 24an, gabon gauan, Olentzeroren bisitarekin bat eginez etxe bakoitzean kandila bat jartzera gonbidatu dituzte lizarretarrak, Su bat, etxe bat tradizioarekin bat eginez. 

Sakanako zenbait herritan entzungo dira fare hotsak urtarrilaren 5ean: Irañetan eta Lizarragan eguerdian aterako dira, eta Dorraon, Iturmendin eta Altsasun arratsaldean. Altsasun fareen buruzagiaren zozketa eginen dute aurretik.