Leire San Martin Marcos historialari eta ikerlariak La caza de brujas en Pamplona. Sala de tormento, procesión infamante y hoguera liburua aurkeztu zuen, otsailaren 6an, Dorroako Itur Aldea elkartean. Liburuan, besteak beste, Ergoienako bi sorginen istorioa agertzen da: Dorraoko Catalina eta Unanuko Mariarena. Auzia "oso esanguratsua eta garrantzitsua" da, San Martinen esanetan.
Zergatik Iruñeko sorgin ehizaren inguruko liburua idatzi?
"Nafarroako sorgin ehiza berrinterpretatzeko premia sentitzen genuen"
2017an Silvia Federici ikertzaile, idazle, irakasle eta ekintzaile feminista Iruñean egon zen, ni oraindik ez nintzen horren parte, ondoren batu nintzen kanpainara, baina nire kideek ikusi zuten Silviaren Caliban eta sorgina-n plazaratzen zuen ikuspuntua hemen aplikatzeko premia zegoela. Hortik abiatuta 2019an Katakraken sorgin ehiza ikuspuntu feminista batetik aztertzeko lehenengo jardunaldiak egin ziren eta bertan hainbat hizlari eta aktibista egon ziren eta beraien ikuspuntua partekatu zuten. Momentu horretan nodoak edo lan taldeak sortu ziren, eta hortik atera zen, hain zuzen, Iruñeko lan taldea. Nire taldeko kideak egon ziren denboraldi batez sorginaren iruditegia lantzen; zineforum bat egin zuten, irakurketa taldea eta horrelako ekimenak egin zituzten, eta Madrilgo kideen lana erreferentziatzat hartu zuten. Beraiek Madrilen barna sorginkeriarekin erlazionatutako ibilbide bat egin zuten, hau da, "hemen inkisizio jauregia zegoen..." eta horrelako gauzak erakusten zituten. Hori erreferentzia bezala hartu genuen eta pentsatu genuen oso interesgarria izan zitekeela Iruñean bertan horrelako zerbait aztertzea. Nik hartu nuen erreleboa. Sentitzen genuen Nafarroan sorgin ehiza berrinterpretatzeko premia bat, eta hortik jaio zen, premia horretatik, liburua; lehendabizi ibilbidea izan zen eta gero ibilbide horretatik liburua.
Zer esan nahi du sorgin ehiza berrinterpretatzea?
"Zugarramurdira iristeko, aurretik, prozesu oso sakona eta bortitza egon zen"
Nafarroan sorgin ehizari buruz pentsatzen dugunean burura etortzen zaigun lehenengo gauza Zugarramurdi da. Ez da kasualitatea. Logroñoko auto fede hori sekulakoa izan zen eta gero publikatu zen eta beste ibilbide bat izan zuen. Baina Zugarramurdira iristeko, aurretik, prozesu oso sakona eta bortitza egon zen. Zugarramurdi icebergaren punta bezala ulertzen da. Horretaz gain, sorginekeriari buruz erromantizatu ziren topiko asko egon ziren; sorgin ehizari buruz hitz egiten dugunean oso ohikoa da kasuak irlak balira bezala aztertzea edo ulertzea, eta biktimetan ez erreparatzea. Zer nolako profila zuten? Zer gertatzen zen herrietan? Hortik abiatu ginen, foku horren faltatik.
Zein izan zen ibilbidea sortzeko abiapuntua?
Niretako izan zen nahiko zaila oso gai mamitsua delako, eta ibilbide formatu bat ematea ez da batere erraza; entzuleek ulertu behar dute, logika bat izan behar du... Irakurtzen eta irakurtzen hais nintzen eta hainbat ondorioetara iritsi nintzen; ondorio horiek ibilbideari forman eman zioten. Testuinguru bat eman genion, XVI. mendea baino lehenagokoa, eta gero Iruñeko kartzelak eta auzitegian non zeuden aztertu nuen; tortura ganbara non zegoen, sorginkeri kasuetan horrenbesteko pisua duena; zeintzuk ziren dokumentazioan agertzen diren hiriko ohiko kaleak (gaztelaniaz, calles acostumbradas de la ciudad), hau da, zigor sozialak ematen ziren kaleak; zeintzuk ziren zigorrak eta nolakoak ziren emakume horiek... Lan hau aurretik ez zegoen gure ikuspuntutik egina.
Iruñea ezezaguna, ezta?
Gogoratzen naiz pasioaren ibilbide hori estreinatu genuenean jendea oso harrituta zegoela. Sumatzen zen ezinegona. Jendeak esaten zidan orain kale horiek modu desberdin batean begiratuko zituela. Normala da; ariketa bikoitza da: guk orain okupatzen ditugun kale horiek beste ikuspuntu batetik eta beste diskurtso baten bidez begiratu behar ditugu, memoria eta duintasuna zentroan jar ditzagun. Diskurtsoa oso harrigarria egiten zaigu.
Zer gertatu zen XVI. mendean?
Sorgin ehizaren fenomeno hori emateko izugarizko antolakuntza eta prozesu historiko bat eman behar da, sekulakoa delako. Orduan, beste ikertzaile batzuen lanaren bitartez ikusi nuen erdi aroan, comptoseko erregistroetan, horrelako dokumentu kontable batzuk direla, eta horietan apuntatzen zituzten detaile handiarekin nora bideratzen zituzten erreinuko gastuak. Horien bitartez azter daiteke, informazio gutxi ematen duten arren, zer nola izan zitezkeen XVI. mende baino lehenagoko prozesu horiek. Ez ziren sorginak aipatzen oraindik, aztikari kasuan bezala agertzen dira, baina oso interesgarriak dira. Adibidez, liburuaren lehenengo kapitulua Comptos erregistroetatik ateratako testigantza batekin irekitzen dut: Nafarroan dokumentuetan sorgin ehiza lehen aldiz ateratzen den kasu bat.
Zer da sorgin ehiza?
Silviarekin ados nago: feudalismotik aro modernorako trantsizio horretan ematen den fenomeno bat da. Historikoki horrelako sinesmen diabolikoak agertu dira gizarte aldaketa sakon baten pean. Adibidez, kolonialismoan ere ematen da eta Europa mailan amankomunean agertzen den ezaugarri bat da. Nafarroa mailan hau eman zen justu konkistaren ondotik. Askok kokatu dugu testuinguru horretan. Konkistaren ondoren gizartea guztiz aldatu egin zen eta dotrina desberdin bat sortu zen zeinetan emakumea gizonaren subordinatua den eta bere funtzio nagusia ama izatea da. Orokorrean, estatu moderno hori aurrera eraman ahal izateko gizartea oso diziplinantea zen, eta sorgin ehiza testuinguru horretan kokatzen dugu.
Beraz, sorginak nortzuk ziren?
Liburuaren tesietako bat da sorginak kontatu diguten bezala ez zirela existitu, baina bai existitu zirela sorginak deitzen zieten emakumeak. Emakume horiek bakoitzak errealitate desberdin bat zeukan, eta hori da liburuan mahaigaineratu nahi izan dudana: guztiek amankomunean dute modu batean edo bestean komunitate horietako orduena apurtu egiten zutela. Momentu horretan instalatu zen dotrina femenino horri aurre egiteko erresistentzia bat. Eta zigortuak izaten ziren.
Zenbat zigortu zituzten? Zer nolako zigorrak ziren?
Kalkulatzen da Iruñeko auzitegi eta kartzeletatik ehun eta piko pasa zirela, eta piko hori ezin dut zehaztu. Gutxi gora behera horrela izan zen. Zigorrei dagokionez normalena zen deserriratuak izatea. Lurralde bakoitzak bere ezaugarriak zituen, baina fiskalaren kontsiderapean normalena deserriratuak izatea zen. Mugako kasuetan suan hiltzea zen; Iruñean, adibidez, Takonera zonalde horretan egiten ziren. Zigor hauek, orokorrean, zigor publikoarekin osatzen ziren. Adibidez, deserriratze zigor hori gauzatzeko Iruñeko kaleetan barna paseatzen zituzten mando baten gainean eta oso ohikoak ziren zigor makilekin (gaztelaniaz, azote) osatzea zigor soziala. Gure XXI. mendeko iksuspuntuarekin talka egiten du, baina hau oso normala zen eta gertatzen zen egunean festa egun bat zen. Zezenketak edo prozesioak ikustera joatea bezala zen. Normalean, hurbileko herrietatik Iruñera joaten zen jendea zigor sozial horretan parte hartzeko. Justiziak horrela funtzionatzen zuen, zigor eredugarrien bitartez. Fiskalen esanetan sailkatzen zituzten crimenez atroces deitutakoekin egiten ziren: erailketak, sodomia, parricidio kasuak, suteak... Horien barnean sorginkeria zegoen eta larriena sorginkeria zen. Konponente pila bat batzen ziren sorginkeri kasuetan.
Eta sorginkeriz zigortzeko, zer egiten zuten?
"Sorginkeri kasuak auzitegi zibilean zigortzen ziren; konponente asko ematen ziren"
Gauza oso interesgarriak daude. Normalean, uste izaten da edo imaginarioan inkisizioaren kontu bat izan zela esaten da, baina hemen auzitegi zibilek eramaten zituzten aurrera. Liburuan agertzen diren kasuak auzitegi zibiletatik prozesatu zituztenak hartu ditut. Horrek esan nahi du sorginkeri kasuak konbinazio bat dutela: delitu tangible bat agertu behar da eta gero sorginkeri konponenteak agertzen dira ere. Zentzu honetan hainbat errealitate daude: badago emakume epileptiko baten kasuan, orduan, auzitegietan pairatzen zuena kontatzen zuen eta nahasten dira momentu horretan epilepzia ulertzeko zuten modua eta horrek herrian sortzen zuen beldurra; hori Takoneran erail zuten emakumetako bat izan zen. Gero lapurretan ibiltzen zen emakume baten kasua dago, esaten zuten herrian bere botere magikoekin neskato talde bat zuzentzen zuela berandako lapurtzeko eta lortutakoarekin ardoa erosten zuen. Kaus oso esanguratsu bat da Dorraoko Catalinarena.
Nor zen Dorroaoko Catalina eta zer egin zuen?
Oso prozesu berezia da. Niretako esangura izugarria dauka. Sorgin ehiza Pirinio aldean eman zen, hor fokalizatzen da gehienbat, baina hau zonalde horretatik ateratzen da eta sorginkeri prozesu bezala sailkatuta dago, badelako. 1545. urtean kokatzen da; beranduegi dela esan dezakegu. Pozoitze saiakera batekin hasten da: Unanuko zonalde horretako apaizak bere postuan igoera bat nahi du eta horretarako ondoko herrietako apaiza pozoitzen saiatu zen. Oso fuertea da; super korapilatsua eta oso luzea. Gauza da ikerketak egiten hasi zirela, ez zuelako pozoitzea lortu, baina auzitegi zibiletara joan zen salatzera, eta ikerketan tiraka pozoia nola lortu zuen jakiteko emakume batengana iritsi zen, eta hortik beste emakume batera... Eta azkenean Catalina de Torranorengana iritsi ziren, eta hor hasten da bere istorioa. Apaizaren kontu horrekin hasten da eta bitartean ateratzen dira sexualitate oso presente dagoen istorio pila bat, horien artean bi emakume hauena: Dorraoko Catalina eta Unanuko Maria.
"Dorraoko Catalina eta Unanuko Mariaren kasua garrantzitsua da; lehenetarikoa"
Prozesu horretan daude oso esanguratsuak diren testigantzak; Catalinari eta Mariari testigantzak hartzen dizkietenean Mariari galdetzen diote zuzenean: Catalina de Torrano eta Maria de Unanoak egunez zein gauez haien pertsonen gain egiten dute malefizioa instrumentu jakin horrekin (gaztelaniaz, sobre cierto maleficio que hacen Catalina de Torrano y Maria de Unanoa sobre sus personas da igual de noche que de día con cierto instrumento). Hori galdetzen diote eta eman dezake txorakeri bat, baina ez da. Instrumentu hori dildo bat da eta honek garrantzia handia dauka horrelako ikerketa lerroak irekitzen ditugunean gizonezkoen homosexualitateari buruz zer edo zer jakin daiteke sodomia bezala delituekin, baina emakumezkoen artean ez dira ematen. Emakumezkoen arteko sexu harremanak ez zituztelako kontzebitzen ere. Beraiendako gizon ez heteroen arteko erlazio sexual osoa eiakulazioa eta penetrazioa izan behar zuen, eta sexualitatea ulertzen zen zakilaren inguruan. Orduan, auzitegietatik libratzen ziren horrelako instrumentu bat egon ezean, eta hau kasu horietako bat da. Zakilaren motiboa zeukan eta hor agertzen da sorginkeriari lotutako imaginario guztia, justu ikusten dutenean instrumentu hori erabiltzen dutela. Hau oso garrantzitsua da, beste ikerlari batzuen aburuz ere, izan daiteke lesbianismo prozesuetatik lehenetarikoa Nafarroan eta estatu mailan. Nik uste eman behar zaiola behar duen garrantzia.
Nola hartu zuten Dorraon?
Ez zidaten begirik kentzen. Azkenean galdetu nien ea kasua ezagutzen zuten, eta ezetz esan zidaten. Horrelako istorio batekin joan nintzen... Harrera ezin hobea izan zen, egia esan.
Zeintzuk izan ziren zigorrak?
Prozesu horretan jende pila bat dago; benetan oso esanguratsua da eta irakurketa pila bat emateko aukera ematen du. Iruñeko tortura ganbaran torturatuak izan ziren; berez Juan de Oteiza, Graziana de Razkin eta Catalina de Torrano zigortu zituzten, besteak absolbitu zituzten. Torturatu eta deserriratu zituzten, eta deserriratzeko zigor soziala ere izan zuten, kaleetan barna pasa.
Sinismen bat da sorginak belar saltzaile, emaginak, erizainak eta abar zirela. Horrela zen?
"Sorgin ehiza edo sorgin akusazioa emakumeak gogorki diziplinatzeko beste tresna bat zen"
Nafarroako kasuan, ez; hau da, Nafarroako sorgin bezala akusatuak izan ziren emakumeak ez dira profil horren barruan sartzen. Nik liburuan aipatzen dut, eta garrantzitsua da, landareekiko ezagutze hori izango zutela, noski, garai horretan zerbait ohikoa zelako. Zaintza lanak ere beti emakumeei lotuta egon dira. Baina gauza da emakume horiek ez zirela horregatik akusatuak izan; komentatutako zigorrengatik akusatuak izaten ziren; arauekin apurtzen zutelako nolabait. Zentzu horretan sorgin ehiza edo sorgin akusazioa emakumeak gogorki diziplinatzeko beste tresna bat zen.
Altsasuko inauterietan sorginak beltzez jantzita, aurpegi horia eta begi eta ezpain beltzak eta lastozko ilea daramate. Zer iruditzen?
Estereotipo guztiak. Inauteriekin eta sorginen presentzia inauterietan kontraesan pertsonal bat daukat. Duela gutxi irakurri nuen artikulu bat, beste irakurketa bat egitearren, eta esaten zuen antzinean ere inauterietan sorginaren presentzia beti egon dela. Ez sorgin bezala baizik eta emakume zahar bat bezala, horrek sinbolismoa duelako: udaberrirako trantsizio horretan denboraren eta gaitzak biltzen dituen alegoria bat bezala. Hori egia da. Baina, noski, ez dakit ideia hori sorgin batekin erlaziona daitekeen edo ez. Tafallan duela gutxi dokumentuetan prozesuetan agertzen den emakume baten izena hartu dute eta inauterietan sartu dute eta horren inguruan festa bat egin dute. Lucas de Aierbe eta Burlatako kasua ere aipa daitezke. Desmitifikazioaren alde lanean ari gara eta marko oso sakon bat ematen dugu espazio kritikoak osatzeko, eta beste bide batetik horrelako fenomeno hauek ditugu fabore eskasa egiten diotenak lan honi eta paradigma honi. Ezin diogu inori esan zer egin behar duen, baina behintzat atzean dagoena begiratu. Honen atzean min asko dago, sufrimendu pila bat, eta gu bezalako pertsonak.


