Dorraoko Kontzejuaren aurtengo aurrekontuan 89.800 euroko sarrerak eta 63.260 euroko gastuak daude jasoak. Kontzeju presidente Jon Razkin Razkinek azaldu duenez, "aurten ez dugu inbertsiorik eginen". Azaldu duenez, lan batzuk egiteko laguntzaren zain daude, esaterako, jolas parkea berritzea.
Duela urte eta erdi izandako erauntsi batek arrasto nabarmena utzi zuen basoko bideetan eta bide haiek pitteka konpontzen aritu dira. Dermioko bideetako ezpondak garbitu eta zenbait konponketa ere egin dituzte.
Bestetik, gobernuaren Tokiko Azpiegitura Planera dirulaguntza eskaera aurkeztu zuen Dorraoko Kontzejuak: Goikolarreñeta kalean bidea zabaltzea eta horma bat eraikitzea. Kontzeju buruak azaldu duenez, "kalea estua da eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak ez dira sartzen, esate baterako, suhiltzaileak edo anbulantziak. Kalea metro bat pasatxo zabaldu nahi dugu horregatik". Foru administrazioak dirulaguntza ukatu egin zion kontzejuari. Argudiatu zuenez, horma egin nahi den tokia ez dago bide publikoan. Beraz, kontzejua bere asmoa nola egin aztertzen ari da.
Bestetik, dorrobarrak herrian bizitzeko nahia adierazten du Ergoienako hirigintza plana aldatzeko egindako eskaerak. Herri gunearen ondoko lursailen kalifikazioa aldatu eta haietan etxebizitzak eraikitzeko eskaerak dira Ergoienako Udalari aurkeztutakoak. Arrobi kalean bi etxebizitza bakartu eraikitzeko planari Nafarroako Gobernuak behin betiko onespena eman dio.