Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur egun Egiarreta hegoaldean ari dira langileak lanean. Sareak eta zorua berritzeko lanen bigarren fasea da orain egiten ari direna. Bai aurtengo bai iazko lanak estatuko funtsekin finantzatu ditu Arakilgo Udalak. Iaz 160.080 euro bideratu ziren lanetara, aurten berriz, 102.270. Baina Egiarretako sareak eta zorua guztiz berritzeko lanen hirugarren fase bat egin beharko da. Arakilgo Udalak Lau Urteko Azpiegitura Planera diru-laguntza eskaera aurkeztu zuen, baina Nafarroako Gobernuak ez zuen eskaera onartu. Arakilgo Udalak azken bilkuran erabaki du Egiarretan egiteko falta diren lanak bere gain hartzea. Lehentasuna bihurtu da udalarendako eta heldu den urtean egin nahiko luke. Horretarako udala Toki Administrazio Departamentuarekin harremanetan jarri da, mailegua eskatzeko baimen eske. Aldi berean, lanak hasteko hasierako baimena eskatuko du udalak. Izan ere, lanak Lau urteko Planean jasoak ez badaude ere, udalak lanak egin ondoren jaso dezakeelako diru-laguntza. Bitartean, udal arkitektoa aurrekontua prestatzen ari da, gero kontratazio deialdia egiteko.