Egiarretako erretaula nagusia zaharberritua

Guaixe 2011ko martxoaren 20a

Errenazimenduko erretaula mistoa da: Hiriberriko Juan de Landa eskultoreak eta Iruñeko Ramon de Oscariz margolariek osatutakoa.Aurreko ostiralean Egiarretako elizako erretaularen zaharberritze lanak mustu zituzten. Goizeko ekitaldian Nafarroako Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilari eta teknikariak egon ziren, Arakilgo udalaren ordezkariak lagunduta. Arratsaldean, berriz, Iruñeko Artzapezpikuak meza eskaini zuen, Egiarretan apaiz izandakoak lagunduta. Ondoren, bertaratutako herritar guztien aurrean, erretaularen balio historikoaz eta zaharberritze lanei buruzko azalpenak eman zituzten. Bukatzeko, kontzejuko elkartean otamen ederra eskaini zuten. Azken urteotan Nafarroako Gobernuak bideratutako lanak:2009an eraikinak zituen arazo arkitektonikoak konpondu zituzten lehenik. Horretarako, 13.652 euroko partida onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Ondoren, erretaula nagusia zaharberritzeko lanen lehiaketa deitu zuen eta 97.440 euroren truke esleitu zion Donostiako Artelan SL enpresari. Azken partida, 14.000 eurokoa, bobedako margoak gainetik pintatzeko erabili da.  Hiriberriko Juan de Landaren eskulturakMª Jose Tarifak, Nafarroako Unibertsitatean Artearen historiako irakasleak, Egiarretako erretaulari buruzko azalpenak eman zituen herritarren aurrean. Adituaren arora, Hiriberriko Juan de Landarenak dira aldare-buruko eskulturak. Bere ustez, Juan de Landa hirintarrak trebetasun handiarekin egokitu zituen eskulturen konposaketak, eta espresibitate handiz landu aldare-buruaren erdigunean dagoen San Pedroren bizar eta ileak. Emakumeen zenbait iruditan, Santa Katalinarenean, adibidez, goxotasun eta edertasuna irudikatzeko gai izan zela nabarmendu zuten. Ramon de Oscarizen margoakEgiarretakoa, Ramon de Oscariz margolariaren lehenengo lan dokumentatua da. Berezko estiloa duen margolaria zela esan daiteke, flandesko eragina sumatzen zaio, zenbait eszenen dramatismoan, zenbait pertsonaien keinu zorrotzetan eta pasarteetan (arkitektura eta natur elementuak ageri dira). Oscariztarrek Egiarretakoa eta gero, 50en bat erretauletan lan egingo dute Nafarroa guztian barna. Zaharberritze lanakArtelan enpresako teknikariak 6 hilabetez aritu dira lanean. Ondoko lanak egin dituzte erretaula nagusian: desinfektatzea, garbiketa, zurezko tailak desmuntatu, polikromia kapak finkatu, oinarriaren sendotze kimikoa eta mekanikoa, polikromia eta urre-koloreen garbiketa kimikoa eta mekanikoa, purpurinak eta herdoildutako bernizak kendu eta argizari eta olio zikinkeria garbitu. Artelan enpresako buruak, Javier Latorrek, azaldu zuenez erretaularen azken interbentzioan 1909an Isturitzek egindakoa errespetatu dute: "Erretaularen memoria historikoa errespetatzea funtsezkoa iruditzen zaigu. Hori dela eta, ez dugu Isturitzen polikromia kendu. Infragorrizko zenbait lagin hartu ditugu aurrez zegoen margoa ezagutzeko. Hartutako datu guztiak eta laborategiko emaitzak memorian dokumentatu ditugu".Mikel GarziandiaEgiarreta eta Etxeberriko apaiza eta San Migelgo kaperauaZer arazo zuen Egiarretako San Antonio Abad elizako erretaulak?50 urte pasa ziren azken garbiketa egin zenetik eta bazegoen hezetasuna, argizaria... hezetasunak erakartzen ditu intsektuak egurra jaten dutenak, eta honezkero nahiko egoera negargarrian zegoen, irudiak ilun eta zikin zeuden. Azkenean, garrantzia handiko obra zelako, Nafarroako Gobernuak interbentzio sakon bat egitea erabaki zuen. Nork jo zuen alarma dei hori?Katalogatuta dauden erretaula nagusi horiek noizbehinka bisitaldiak izaten dituzte eta orduan patrimonioko arduradunek erabaki behar dute zein interbentzio egin, zeintzuk diren larriak... eta horren arora pixkanaka-pixkanaka dauden erretaulak konpontzen joaten dira. Orain dela 10 urte konturatu ziren ezinbestekoa zela interbentzioa egitea. Hori erabaki zen. Orain dela bi urte lehiaketa deitu zuten eta Artelanek irabazi zuen konkurtsoa. Zaharberritze lanak pasa den urteko garagarrilan hasi ziren eta abenduan bukatu. Nola moldatu zarete bitarte horretan elizkizunak emateko?  Nahiko xelebrea izan da. Ni lehendabiziko aldikoz etorri nintzenean irailean eliza erdia nuen. Orduan, koru azpian denak estu-estu ginen eta beste gainerako guztia aldamioz estalia, baina alde horretatik eliza txikiago zenez halako intimitate giroa sortzen zen.  Herritarrek zer diote, pozik daude egindakoarekin?Bai, oso pozik eta harro, betidanik zekiten oso erretaula garrantzitsua zela, gainera, orain, parrokiako jendea bestelako konponketa lan batzuk egitera eta interbentzioa osatzera animatu da: paretak eta bobedak konpondu, sakristia, zurajea... Ikaragarrizko ordu pila sartu dute. Kanpoko ataria erabat hondatuta zegoen eta herriko emakume talde bat aritu da jo ta ke lanean. Azkenean, dena berritu dugu eta parrokia osoari buelta bat emateko aprobetxatu dugu . Zein izango litzateke Egiarretako erretaula nagusiaren berezitasuna?Errenazimenduko erretaula garbi-garbi bat dela eta oso kalitate oneko margoak direla. Margoak ikusgarriak dira, hor ikusten direlako Europan garai hartan puri-purian zeunden modak. XVI. mendean Iruñean tailer bat zegoen. Oscariztarrek margotutakoak direla aipatu dute, ezta?Bai, eta tailer horretako lehendabiziko lana hemen egin zuten. Egiarretakoa eta gero, leku askotan egin zuten lan aita Menautek eta bere semeak eta ilobak. Badirudi semeak hemen egin zuela lan. Noiz egindakoa da Egiarretako erretaula?1540-60 bitartean egindakoa da. Eskerrik asko, eta osasuna izan dezazuela egindako lanaz gozatzeko.Bai,  eta nire aldetik animatu Sakanako erretaula eder hori ezagutu nahi dutenei etor daitezela.