Egiarretan izanen da bakarren bat bihar duela 13 urteko kontuez hizketan hasiko dena; gogora ekarriko duena azkar asko erabaki zutela eskola zaharra konpontzea han elkartea egiteko. Bi hilabetetan lortutako adostasuna gauzatzea bi urte inguruko lanak ekarri zituela aipatuko du. Eta merezi izan zuela, elkartearekin egiarretarrek non bildu, non afaldu, non kartetan jolastu, non… badutelako.
Aurretik beste egoitza zahar batean zuten biltokia egiarretarrek. Baina haren jabetza zeinena zen, elizarena edo herriarena, ez zegoen argi eta, horregatik, erabaki zuten eskola zaharrak konpontzea. Santialde elkarteak bi solairu ditu eta Arakil ibarreko ikuspegi ederra eskaintzen du. Gainean kontzeju-etxea dago. Ohiko afari eta festez aparte, aldian behin hitzaldiren bat, erakusketaren bat edo irteeraren bat antolatzen da elkartetik. Bazkide beteranoek Arakilgo abesbatzan kantatzen duten bitartean gazteak Egiarreta futbol taldean aritzen dira Eloko txapelketan.
Gaur egun 55 bazkide ditu Santialde elkarteak. Genero ikuspegitik bazkide kopurua orekatua da eta herrian bizi ez direnak ere bazkideen artean daude. Bihar elkartearen XI. urteurrena ospatzeko 50 bat afaltzera elkartuko dira. Sagardotegi menua izanen dute eta ondoren Arruazuko Ander akordeoilariaren doinuez lagunduta gaupasa eginen dute Santialden elkartutakoek.