Ostiralean, Euskaltzaindiak Donostian antolatu zuen XIX. Jardunaldiaren barruan Juan Madariaga Orbeak Sociedad y lengua vasca en los siglos XVII y XVIII (Euskara eta euskal gizartea XVII. eta XVIII. mendeetan) liburua aurkeztu zuen. Liburua euskararen historia soziolinguistikoa jorratzen duen Etxeberri bildumaren barruan argitaratu du Akademiak. Euskal Herri osoa kontuan hartzen saiatzen da egiarretarra eta eskuartean dagoen iturri eta bibliografia ahalik eta osoena erabiltzen du hizkuntzaren ikuspuntutik gizartearen azterketa sozio-historikoa egiteko.
Hamahiru zatitan banatuta dago liburua. Bere lanaren esparrua eta metodologia aurkeztu ondoren, bigarren kapituluan euskararen presentzia instituzio administratibo jakinetan lantzen du autoreak. Ondoren, eliza, hezkuntza, osasuna, hizkuntza-bitartekariak, hiztunen hizkuntza-gaitasuna, literaturaz aparteko testuetan euskararen testigantza idatzia, euskararen ezaugarri pragmatikoa eta sinbolikoa, inkisizioaren sorginkeria epaiketatik ateratako hizkuntza ondorioak eta, azkenik, bertsolaritza. Gai horiek landu eta gero, Madariaga liburua ixteko euskararen hedapen geografikoa eta euskaldunen demografia zehazten saiatzen da.