Kontzejuak basoan baltsak egin nahi ditu

Guaixe 2018ko eka. 8a, 10:22
Egiarretako ikuspegia.

Udan erreka lehortzen denez, hiru baltsek abereen eta animalien egarria aseko lukete. Bestetik, ibairako bideko ezpondak garbitu nahi ditu udalak. Eta frontoi erdia estaltzeko proiektua du eskuartean.

Joakin Lazkoz Olaetxea Egiarretako Kontzejuko presidenteak jakinarazi digunez, "basoan bada erreka bat udan lehortu egiten dena. Gure asmoa da hiru puntutan baltsa modukoak egokitzea, lehorte garaian abereak eta bestelako animaliek ura edateko aukera izan dezaten". Lana aditu batekin eginen dute, erreka hondoko lurra behar bezala erabili eta baltsak egoki sortzeko. Laugarren putzu bat egiteko asmoa ere bazuten baina Nafarroako Gobernuak ezezkoa eman zien, han babestutako uhandreak daudelako.

Lan hori egiteko baimena pasa den urtean lortu zuen kontzejuak, baina diru-laguntzarik ez nahikoa dirurik ez zuelako. Dirua aurreztu ondoren, lanak aurten egin ahal izatea espero du Lazkozek. Horregatik dago lana kontzejuaren aurtengo aurrekontuan sartua. Azken hori, 10.620 eurokoa da.

Aurrekontuan jasota dago frontoi erdia estaltzeko proiektuaren erredakzioa ere. Elkarteari eta kontzeju etxeari itsatsia dago frontoia, frontis hutsa dena. Festetan han dantzaldirako oholtza eta taberna jartzen dira. Lazkozek esan digunez, "espazioaren egituragatik ezin dugu ezker paretarik jaso. Publikoari zabalik dagoen espazio bat nahi dugu, euria egiten duenean haurrak edo jendea egoteko toki bat. Horregatik, eskuin pareta lukeen Sakanako aurreneko frontoia izanen litzateke gurea".  Proiektua urte akaberarako aurkeztu behar diote gobernuari, hark emandako erabilera askeko funtseko 21.496,63 euroekin lanak heldu den urtean egin nahi baitituzte.

Udalaren bidez
Hori iritsi bitartean, Lazkozek jakinarazi digu Arakilgo Udalaren bidez lan gehiago eginen direla herrian. Alde batetik, herritik ibaira doan bideko ezpondak "desagertu" dira eta euria egiten duenean porlanezko bidetik doa eta zenbait sorok gainezka egiten dute. Horregatik, ezpondak berriz eginen dira. "Duela 30 bat urte basotik egur aprobetxamendu handia atera zen. Orduko pistak egoera txarrean daude eta udalaren palarekin urtero haren zati bat berritzen dugu". Udal langileek herria garbitu, sasiak kendu eta kontzeju etxean konponketa txikiak eginen dituzte.