Kontzejuak frontoia estaltzeko lanak eman nahi ditu

Guaixe 2019ko uzt. 6a, 10:23
Egiarretako frontoia gaur egun.

Frontoiaren berezitasuna izanen da metakrilatozko eskuin-pareta izanen duela. Kontzejuko kideek San Migel ospakizunetarako prest egotea nahi lukete.

Kirola egiteko erabiltzeaz aparte, Egiarretako frontoiak festetako dantzaldia eta barraka hartzen ditu, besteak beste. Egiarretako Kontzejuak frontoia estaltzeko lanak emateko deialdia egin du, horrela herritarrek urte guztian erabil dezaketen estalpe bat izateko. Hura egiten interesa duten enpresek euren eskaintzak hilaren 17ko 11:30era arte aurkez ditzakete Arakilgo udaletxean. Lanek 115.672,38 euroko aurrekontua dute (BEZ barne). Kalitatearen eta prezioaren artean erlazio onena duen enpresaren proposamenari emanen diote lana. Lanak 12 astetan despeditu beharko lirateke.  Proiektua Alberto Uriel Rubio arkitektoarena da.

Kontzeju-etxea eta elkartea hartzen dituen eraikineko iparraldeko horman dagoen frontisa besterik ez da gaur egun frontoia. Hura estaltzeko Etxeberriko frontoiaren eredua hartu dute. Frontisaren 10 metroko altuera errespetatuz behera egiten duen teilatuak eta kontra-kantxan 5 metro izanen ditu. Teilatuari laminatutako egurrezko egitura batek eutsiko dio. Salbuespen bakarra kontra-kantxaren ezkerreko aldean teilatuari eusteko eginen den porlanezko zutabe borobila izanen da. Kontra-kantxa guztia ez da itxita egonen, eta horrela ibilgailu handiek han buelta emateko aukera izanen dute. Teilatua sandwich moduko metalezko txapa gorri iluna izanen da.

Egiarretako frontoiaren bereizgarrietako bat izanen da ezker pareta izan beharrean eskuin pareta izanen duela. Gainera, aldameneko berdegunera atera ahal izateko frontisaren eta eskuin paretaren artean metro inguruko tartea izanen da.  Beheko partean porlanezko 50 cm altu eta 85 cm zabal izanen duen banku bat eginen da. Oinarri horren gainean metakrilatozko plakak jarriko dira, 2,5 metroko altuerara arte. Handik teilatura arte polikarbonatoko itxitura izanen da. Horrela, frontoia haizetik eta euritik babesten da, baina argia pasatzen utzi ere, eta frontoitik Arakil ibarra ikusteko aukera emanen du.

Erlazionatuak