Harri jasotzea

Binakako txapela jantzi du Jon Irañetak

Maider Betelu Ganboa 2021ko urt. 15a, 11:13

Binakako Urrezko Harri Jasotzaileen txapela lortu zuten Jon Irañetak eta Urdax Magunazelaiak 84 jasoalditan 9.946 kilo jaso eta gero, Eizmendiri eta Etxeberriari bi jasoaldi aterata (9.821 kilo). Igandean Banakako Urrezko Txapelketa-Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketari ekingo dio Egiarretako harri jasotzaileak

Abenduaren 31n Egur Sportek antolatutako Binakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketako finala jokatu zen, Asteasun. Hiru bikote aritu ziren finalean: Jon Unanue “Goenatxo III.a” eta Hodei Iruretagoiena “Izeta IV.a”, Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria, eta Jon Irañeta egiarretarra eta Urdax Magunazelaia bizkaitarra. Hiru minutuko txandetan,100 kiloko zilindroarekin, 100 kiloko bolarekin, 138 kiloko kubikoarekin eta 175 kiloko laukizuzenarekin aritu behar izan zuten, bikote bakoitzean bakoitzak bi harri hautatuta. Irañetak eta Urdaxek sekulako lana egin zuten eta merezitako txapela jantzi zuten, 84 jasoalditan guztira 9.946 kilo jaso eta gero.

Jon Irañetak 100 kiloko zilindroa eta 100 kiloko bola aukeratu zituen. Zilindroari 31 jasoaldi egin zizkion 3 minututan, eta bolari 24 jasoaldi 3 minututan. Urdaxek 175 kiloko laukizuzenari 12 jasoaldi egin zizkion 3 minututan eta 138 kiloko kubikoari 17 jasoaldi. Bien lana batuta, 9.946 kilo jaso zituzten 84 jasoalditan. Oso gertu izan zituzten Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria. Horren isla, azken harri jasotzaileak lana bukatu arte ezin izan zen jakin zein bikok irabazi zuen. Eizmendik eta Etxeberriak 2 jasoaldi gutxiago egin zituzten, 82, guztira 9.821 kilo jasota, 125 gutxiago. Hirugarrenak Jon Unanue “Goenatxo III.a” eta Hodei Iruretagoiena “Izeta IV.a” izan ziren, 82 altxalditan 9.482 kilo jasota. 

Beraz, merezitako txapela jantzi zuten Jon Irañetak eta Urdax Magunazelaiak, lan ederra egin eta gero. 

Igandean Banakako Txapelketari ekingo dio Irañetak
Binakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketa irabazi eta gero, erronka berria du 23 urteko harri jasotzaile egiarretarrak, dagoeneko martxan dagoen Banakako Urrezko Harri Jasotzaileen Txapelketa- Zortzi Arroako Hiru Harri Txapelketa. Bertan 100 kiloko hiru harri erabiliko dituzte, kubikoa, bola eta laukizuzena, 2 minutuko txandatan. Guztira 10 harri jasotzaile lehiatuko dira. Dagoeneko 2 jardunaldi jokatuko dira eta igandean, 12:00etan, Aizarnan, Jon Irañeta sartuko da lehian, Jagoba Otaegi eta Mikel Lopetegi “Urra”-rekin batera. EITB1-ek igandean 16:00etan eskainiko du saioa.