Donejakue bideko zaleendako deia

Itxasperriko ermita.

Igandean, 14:00etan, Itxasperriko ermitan Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkartearen Sakanako sekzioa sortuko da.

“Deitu nahiko nituzke Sakanan diren Done Jakue zaleak Itxasperriko ermitara igandean joateko eta Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko bazkide egiteko”. Mikel Garziandia Goñi, Aralarko santutegiko kaperauaren hitzak dira. Izan ere, igandean, 14:00etan, Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko presidentea lekuko dela, erakunde horren Sakanako atala sortuko dute ofizialki. “Bultzada eta indarra emateko. Bidea fisikoki egina dago. Falta dena da jendea antolatzea eta lanean hastea”. 

Garziandiak azaldu duenez, elkartearen barnean Baztango eta Erriberako atalak dituzte eta orain Sakanako atala sortu nahiko litzateke. Aurreratu duenez, “udan lanean saiatu nahi dugu. Proiektuak badaude eta lehenbailehen hasi nahiko genuke”. Aurten Santiago eguna igandea izatean Jakuetar Urte Santua da. “Baina, pandemia tarteko, Frantzisko Aita Santuak 2022 ere horrela izendatu du. Aurten erromes gutxi espero ditugu eta heldu den urtean gehiago izanen direla pentsatzen dugu”. 

Elkartearen Sakanako atala ofizialki sortzeko eguna eta tokia ez dituzte nolanahi aukeratu. “Efesoko Ama Birjina pasatu behar dela baliatuz, aitzakia baliatu dute Donejakue zale sakandarrak biltzeko”, argitu du Garziandiak. Egiarretako ermitan ekitaldia egitearen arrazoia da “Donejakue edo Santiago Itxasperri Erdi Aroan oso eliza garrantzitsua” zela. “Sakanako erromesen kofradiaren eliza zen. Kofradia hori, gainera, Arakilgo historiarekin oso lotuta dago, mendetan zehar herriak bere batzarrak eliza horretan egin zituelako. Halako historia pisua duen tokia delako aukeratu dugu” gaineratu du Garziandiak. 

Historia eta berreskurapena 
Europako makina bat jendek egin du mendeetan eta mendeetan Santiago de Compostelarako erromesaldia Donejakue bidetik. Galiziako hirian Santiago apostolua ehortzia dago eta haraino iritsi nahi izaten dute bide horri heltzen diotenek. Uharte Arakilgo Zamartze monasterioaren absidearen ondoan egindako arkeologia indusketetan bidearekin lotura zuten arrastoak opatu zirela gogorarazi du Garziandiak: “hainbat hilobitan gorpuak ikutu gabe zeuden eta zenbaitetan erromes-maskorrak zeuden. Erromes bati ere pordoi edo makila ederra opatu zitzaion. Beste puskak ere asko ziren han hilobiratutako erromesenak”. 

Agirietan jasotakoa indusketan opatutakoa berretsi zuen. “Jendeak askotan ez dakiena da erromesaldia hasten dela IX. edo X. Mendean. Ezaguna de frantziar bidea Antso III.ak antolatu zuen XI. Mendea ongi sartua dagoenean. Orduan jendea saiatzen zen arriskutsuak ez ziren tokiak hartzen. Iruñea, Gasteiz, Burgos lerro hori kristaua zen. Logroño, Lizarra, Deierri musulmanek kontrolatzen zuten eta Europako erromesek beti Sakanatik jotzen zuten, bide erromatar zaharretik. 

Sakanako Garapen Agentzia ibarreko Donejakue bidea berreskuratzeko lanean ari da. Garziandiak esan duenez, “oso pozik” daude “Sakanan garapen agentziak, udalek, elizak, sakandarrek hasiera-hasieratik elkarrekin jo dugu eta dena oso armonia politean egiten ari gara”. 
 
Elkarteaz 
Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkartea 1987an sortu zen, Donejakue Bidea, erromesaldiak eta apostolu santuaren debozioa sustatzeko eta zabaltzeko, eta Done Jakue bidearen aberastasun historiko eta kulturalaren berri emateko. Lau arlotan lan egiten du: bidea babesten, erromesen harrera, Done Jakueren kultura-lana eta erromesaldien sustapena.

Erlazionatuak

"Falta dena da jendea antolatzea eta lanean hastea"

Egiarreta

Sakanan Donejakue bidea berreskuratzeko egitasmoa aurrera doa. Aldi berean, Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko Sakanako atala sortu n...