Donejakue bidearen lagunen elkartea sortu da

Guaixe 2021ko mai. 26a, 09:34

Nafarroako elkartearen barruko atala da. Hurrengo bi hilabeteetan elkarteko kideak egiteko kanpaina eginen dute. Bazkidetu nahi dutenek 'www.caminodesantiagoennavarra.es' webgunearen bidez egin dezakete. 

Nafarroako Done Jakue Bidearen Lagunen Elkarteko presidente Jose Migel Rey Egiarretako Itsasperri ermitan zela, igandean ofizialki sortutzat jo zen aipatu elkarteko ibarreko atala. Reyk sakandarrei bazkide egiteko gonbidapena egin zien, “horrela, elkarteak urtean zehar antolatzen dituen jarduera guztien onuradun izan zaitezkete”. Elkarteko bazkide egiteko urtero, gutxienez, 20 euro pagatu behar dira. Reyk zehaztu zuenez, “sakandarrek elkarteari emandako diruaren erdia ibarreko atalari emanen genioke urte akaberan”. Eta Sakanako atalari “bide ona” izatea opa zion. 

Reyk gogorarazi zuen Donejakue bidea Sakanako Garapen Agentziaren ekimenez berreskuratuko dela. Bestetik, “Sakanako Donejakue bidea berreskuratzeko gogor lan egin dutenei eskerrak” eman zizkien. Elkarteko buruak aitortu zuenez, “poz handia sentitzen dugu Sakanako bidearen berreskurapenak Nafarroako Donejakue bideen eskaintza zabalduko duelako”. 

Atzera begira
Sakana “historikoki bidegurutzea” izan dela nabarmendu zuen Reyk. “Bere kokapen estrategikoa bere industria eta gizarte garapena markatu zituen aurreko mendean”. Baina aurrekariak ere aipatu zituen: Bordele eta Astorga lotzen zituen erromatar galtzada, gerora Donejakue bidea bihurtu zena. Bide hark “pertsona eta ideia berriak ekarri zituen. Merkataritzari eta artisautzari bultzada eman zion. Arte forma berrien sarbidea izan zen”. Reyk gaineratu zuenez, “Santiago apostoluaren hilobia Compostelan IX. mendean opatu ondoren, erromatar galtzada Donejakue bide gisa erabiliz, kristautasuna goiz sartu zen lurralde honetan”. 

Reyk zehaztu zuenez, Donejakue bidea Sakanan Oskiatetik sartzen zen, ibarra bere luzeran zeharkatzeko. “Arabako bidearekin bat egiten zuen eta Burgosen Armiñondik sartzen zen. Sakana bideko ibilbideak Europa eta Gaztela lotzen zituen”. Elkarteko buruak gaztigatu zuenez, “Nafarroa hegoaldea musulmanen esku zegoenez, bide seguruena zen erromesendako. Baita merkatari eta bidaiariendako ere”. Rey azaldu zuenez, XII. mendera arte horrela segitu zuen: “lurraldeak berreskuratzearekin bat, Donejakue bidearen trazatu nagusia Garestik eta Lizarratik eraman zuten, egungo Frantziar bidea dena”. 

Sakanako ibilbideak arkitektura ondare ederra ezagutzeko aukera emanen duela nabarmendu zuen Rey, Itxasperriko ermita, Zamartzeko eliza, Lakuntzako pikota, Aritzagako errmita edota herrietako armarridun etxeak aipatuz. 

Elkartearen jarduera nabarmenenak 

  • Nafarroatik pasatzen diren Santiagorako erromesei harrera eta arreta ematea, gero eta gehiago baitira.
  • Erromesen aterpeak mantentzea.
    Ibilaldiak antolatzea igandeetan, bideko etapak egiteko, eta beste hainbat ibilbide Nafarroan eta ondoko erkidegoetan.
  • Compostelarako erromesaldien garapena Bide Frantsesean, Iparraldean, Zilarraren Ibilbidean, eta abar.
  • Informazio pertsonala eta idatzia ematea Donejakue Bidearen hainbat alderdiri buruz interesa duten pertsona-taldeei eta norbanakoei.
  • Bidearen mantentze fisikoan eta kontserbazio- eta seinaleztapen-egoera onean laguntzea.
  • Done Jakueren Jardunaldiak ospatzen dira urtero, eta aditu ezagunek Done Jakueren gaiei buruzko hitzaldiak ematen dituzte.
  • Done Jakueren inguruko musika-kontzertuak edo beste jarduera batzuk.
  • Urteko argazki lehiaketa bat egitea, bideko gaiei buruzkoa, eta adituen epaimahai batek sariak ematea. Erakusketa batek jarraitzen dio.
  • Elkarteak argazki-funts garrantzitsua du. Horrekin, erakusketak antolatzen dira etengabe udaletxe, kultur etxe, elkarte eta kultur erakundeetan.
  • "Estafeta Jacobea" aldizkariaren argitalpena: bi hileko buletinak eta urteko aparteko zenbakia.
  • Batzuetan, liburuak argitaratzen dira.
  • Pintura, eskultura eta marrazki erakusketak egitea.
  • Administrazioekin eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan aritzea, bidea, haren monumentu ugariak eta hainbat alderdi kultural sustatzeko eta zaintzeko.