sol criado

“Pertsona hobea izateko aukera bat izan da”

Alfredo Alvaro Igoa 2024ko urt. 30a, 14:00

Sol Criado Ortega eskuinean gazteei azalpenak ematen. UTZITAKOA

Ekuadorko kostaldeko Cojimies eskualdean kooperazio proiektu batean parte hartu du bost hilabetez Sol Criado Ortegak. Hangoaren eta bere esperientziaren berri eman du

Gurasoen bidez jaso zuen Arakilgo Udalak gazteei zuzendutako kooperaziorako bekaren berri. Sorpresa izan zen berarendako deialdia bera, eta hautatua izatea ere. Ekuadorko esperientziaren berri Errotzen eman zuen ilbeltzaren 11n. Lanean egon den proiektuaren jarraipena “arriskuan” dagoela gaztigatu du, giza eta diru baliabideak behar dituzte han. 

Zergatik aurkeztu zenuen eskabidea?
Ez zegoen nire planen barne. Nazioarteko kooperazio masterra ikasten ari nintzen 2023an Bilboko Hegoa institutuan. Gizarte Hezkuntza ikasi nuen eta Gurutze Gorrian lanean nengoen. Pertsonalki eta profesionalki komunitate garapenean eta garapenaren lankidetzan egon naiz beti lanean. Horri erreparatu diot bizi guztian. Udalaren bekaren berri izan nuenean gogo berri bat piztu zitzaidan. Itxaropen handirik gabe aurkeztea erabaki nuen. Proiektu berri bat nuen. Joateko aukera sortzen bazen, pentsatu nuen oso positiboa izan zitekeen niretako eta proiektuarendako. Sorpresaz, beka jaso nuen. Plan guztiak egokitu behar izan nituen, ikasten eta lanean nengoelako. 

Zer nolako masterra da?
Nazioarteko kooperaziorako profesionalak trebatzen ditu, garapen bidean dauden herrialdeetan garapenaren eremuan lan egiteko. Laguntza humanitarioaren esparruan edo nazioarteko lankidetza sustatzen duten erakundeetan lan egiteko. Gaur egun, nazioartean, kooperante figura funtsezkoa da, garapen iraunkorrerako helburuak lortzeko edo giza eskubideen alde lan egiten duten eragileak baikara. Arlo askotan lan egiten dugun profesional gara: emakumezkoen gobernantzaren alde, genero berdintasuna, gosearen eta pobreziaren aurkako borroka, klima aldaketak eragiten dituen arazoei aurre egiten... Gizarte Hezkuntzarekin ere harreman handia du, gizarte hezitzaileek errealitate soziokulturaletan esku hartzeak edo hezkuntzan lan egiten dugu, errealitate horiek hobetzeko. 

Masterreko praktika gisa Ekuadorrera joan zinen?
Bai, atzerrian eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) batekin praktikak egin behar dira. Argentinara joatekoa nintzen, baina zenbait gauza aldatu ziren eta Ekuadorrera joan nintzen. Caritas eta Santa Marta fundazioarekin egon nintzen lanean. Hasiera batean hilabete baterako joan behar nintzen, baina bertako errealitatea ezagututa, bost hilabetez luzatu nuen egonaldia, agorriletik abendura. 

Beka aurkeztu zenuenerako bazenekien erakunde horiekin ariko zinela?
Bai. Nire osaba, Iñaki Rey, Nafarroako Caritaseko langilea izan da urtetan. Ekuadorren luze egon da lanean. Bera han zela, parrokia txiki batean Caritas Cojimies proiektua sortu eta abiarazi zuten 2016an, lurrikara baten ondorioz; burua izan da. Proiektua Ekuadorko kostaldearen erdialdean dagoen Manabi probintziako Pedernales udalerriko Cojimies herrixkan eta izen bereko kostaldeko eskualdean dago. Bertako biztanleek bizibide bakarra artisau arrantza izan dute mendetan. Bertako ekosistema oso berezia da: mangladia. Naturan pisu handia du, galtzeko arriskuan dauden animalia espezieen bizilekua da. Oso garrantzitsua da biztanleriaren biziraupenerako. Baina izkirak ekoizten dituzten enpresa asko ustiatzen eta kutsatzen ari dira azken hamarkadetan. Izkira hazkuntzarako igerilekuz beteta dago dena. Ondorioz mangladia desagertzen ari da, eta biztanle asko miserian murgiltzen ari dira. 

Gaur egun, nazioartean, kooperante figura funtsezkoa da, garapen iraunkorrerako helburuak lortzeko edo giza eskubideen alde lan egiten duten eragileak baikara

Osabak proiektuaren berri eman zigun. Herritarren bizi kalitatea hobetzeko, komunitateekin hainbat proiektu egiten ari dira. Horiek ezagutzean nire harri koxkorra jartzeko gogoa piztu zitzaidan. Beraz, banekien Caritasera joaten nintzela. Proiektua berriki abiarazi zenez, energia asko behar zuten. Jende premia zutenez, hara laguntzera joateko deialdia egin zuten. Ketty Vidal hasieratik dabil komunitateekin lanean eta proiektuko teknikaria da gaur egun. Esan zuenez, "boluntario eta baliabide gehiago behar ditugu, egiteko asko dago eta ezin dugu ezer egin". Horrek bulkatu ninduen udalaren beka deialdira aurkeztera. Ez nuen bitan pentsatu. Beti irrikitan nago zerbait berria egiteko, eta laguntza eskatzen ari badira, aukera izanez gero, laguntzera joateko. 

Proiektuaren sustatzaileen inguruan zer konta dezakezu? 
Caritas eliza katolikoaren karitatezko gizarte ekintza erakundeen konfederazioa da. Santa Marta fundazioa, berriz, Manabi bertako erakunde bat da; oinarri eta egitura komunitarioko landa eremuko emakumezkoen elkartea da. 35 urte daramatza gizarteratze edo duintasun prozesuak garatzen, emakumezko antolatuen eskutik. Bi erakundeek Manabi probintziako 22 udaletan lan egiten dute. 135 bat landa komunitatetan antolatuta daude; 9.000 emakumezko baino gehiago daude antolatuta erakunde horren sarean. Dena boluntarioki egiten da. Fundazioa eta Caritas 2001ean hasi ziren elkarlanean. 

2016ko lurrikara aipatu duzu lehen. 
Bi erakundeak 2016an hasi ziren komunitate horietan lanean. 7,8 graduko lurrikarak eskualde hartan utzi zituen kalterik larrienak: ehunka hildako; etxebizitzak erabat suntsitu; zerbitzu, azpiegitura eta baliabide askori eragin zien. Kaltetutako familiak laguntzeko Caritas Ekuadorrek eta Santa Marta fundazioak larrialdiei erantzun integrala emateko plana egin zuten, egiaztatu zutelako estatuak hango biztanleria oso utzia zuela; bizi baldintza oso txarretan zeuden. Beste GKE asko ere agertu ziren, baina lurrikarak albiste izateari utzi zionean handik desagertu ziren. 

Zertan datza proiektua?
2016an hasi zen, eta indarrean dago. Izan ere, giza garapen integralaren eta solidarioaren ikuspegitik, komunitate prozesu bat hasi da martxan. Bizi baldintza duinak berreskuratzean datza proiektua. Eskubideen arreta, babesa eta garapenerako guneak indartzea dute helburu. Ni Cojimiesen nengoen lanean, baita hurbil dauden 22 landa eta arrantza komunitateetako, herrixka oso txikietako familiekin ere. Arlo, sektore eta problematika asko daude, eta proiektu asko sortu behar izan dira, eta beharko lirateke. Izan ere, pobrezia eta desberdintasun handiko eskualdea da, eta bertan arazo asko izaten ari dira. Alde batetik, pertsonak beraien mantenua galtzen ari dira. Beraien bizimodua arrantzan oinarritu da betidanik. 80 hamarkada aldera hasi zen izkiraren ustiapena eta Ekuador, uste dut, munduko bigarren esportatzailea da. Bitartean arrantza asko txikitu da. Negozio horrekin gutxi batzuk asko aberasten dira, baina biztanle asko pobretzen ditu. 

Cojimiesen biztanleriaren %65 gutxi gorabehera muturreko pobrezian bizi da. Pobrezia gehien pairatzen duten taldeekin lanean ari da: emakumezkoekin eta adinekoekin

Beste arazorik badute?
Azpiegitura eta oinarrizko zerbitzu falta orokorra da. Edateko urik ez dago. Ia ez dago argindar zerbitzurik. Hondakin bilketarik ez dago. Izkirak igerilekuak gutxi gorabehera 7.000 hektarea dira. Horrek osasun ondorio larriak sortzen ditu, zeren izkira hazkundean produktu kimiko kopuru anitza erabiltzen da. Gainera, osasun etxeen premia nabaria da, sendagaiak eskuratzeko ezintasuna; oso garestiak dira. Batzuetan ez ezin duzu ezta ibuprofeno bat erosi, ez dagoelako. Nabarmentzekoa da ere kalitatezko etxebizitza falta ere. Lurrikararen ondoren jende askok etxea galdu zuen eta ahal zutenarekin berriro eraiki dute: kanaberak, oholak, lurra... 

Eta hezkuntza?
Kalitatezko hezkuntza zentroen falta dago. Eskoletarako materialak, esaterako, neurriz kanpoko prezioak ditu, liburu falta pila dago. Analfabetismoa ohikoa da helduen, eta gazte askoren artean berriro. Ekuadorren azken urteetan desagertua zen haurren lana berriro bueltatzen ari da, bizi duten krisiagatik. Adin txikiarekin eskola uztea oso ohikoa da, arrantzale familietan oso gazte direnetik arrantzan aritzen direlako. Unibertsitatera joateko aukera oso eskasa da. 

Zer gehiago nabarmenduko zenuke?
Distantziak oso handiak dira. Mugitzeko zailtasun handiak daude. Cojimiesen asfaltatutako errepide bakar bat besterik ez dago, Pedernalesera joateko; 2016an eraiki zen. Han osasun zentroa eta eskolak daude, merkataritza zentroa da. Gainontzeko errepideak lurrezko bideak dira. Pista estuak daude komunitate guztietara iristeko. Askotan urez betetzen dira. Zuloz beteta daude, mantentzea ez da egiten, edo oso eskasa da. Gainera, izkira ekoizleek nahi bezala aldatzen dituzte bideak, beraien igerilekuak handitu edo lekuz aldatzen dituztelako nahi duten moduan, aurretik dauden errepideak gutxi errespetatuz. Komunikazio falta dago, eta oso isolatuta uzten ditu biztanleak komunitateetan. Jarraitu nezake arazoak zerrendatzen. Familia plangintzarik eza, baliabiderik gabeko familiek haur asko dituzte. Soldata oso baxuak, gutxienekoa 425 dolarrekoa da teorian, baina langileen %75 langile informalak dira. Arrantzaleek egun batzuetan lana dute, beste batzuetan ez. Egunekoagatik hogei dolar ordaintzen diete. Badaude egunean bi dolar baino gutxiagorekin irauten duten familiak. Gutxi gorabehera dolarra euroaren pare dago. Cojimiesen biztanleriaren %65 gutxi gorabehera muturreko pobrezian bizi da. Eta egoera ez da hobetzen ari, gobernu honekin eta aurrekoarekin gero eta okerragoa da.

Emakumezkoek dituzten trebetasunak indartzeko eta asoziazionismoa edo elkartasun erresilientzia sustatzeko jarduerak egiten dira komunitateetan

Zertan aritu zinen? 
Caritas momentu honetan pobrezia gehien pairatzen duten taldeekin lanean ari da, zehazki, emakumezkoekin eta adinekoekin. Emakumezkoek askoz gehiago pairatzen dituzte aukera falta eta pobrezia. Emakumezkoen kontrako indarkeria justifikatzen edo naturalizatzen dituzten estereotipoak oso zabalduta daude. Komunitateetan, gehienbat, indarkeria handia jasaten dute emakumezkoek. Indarkeriatik babesteko ez dute inolako laguntzarik ez komunitatean bertan ezta erakundeen aldetik ere. Lan egiten den beste talde bat adinekoak dira. Hainbat arrazoirengatik haien egoera dramatikoa da. Helduen artean utzikeria eta pobrezia oso maila altua dago. Askok jatekorik ez dute, osasun arazo larriak dituzte, ez dute botikak eskuratzeko aukerarik, ezta inolako mediku arretarik ere. Bakardade handia pairatzen dute. Ekuadorren ez dago pentsiorik, eta estatuak erabat babesik gabe uzten ditu. Noizbait laguntza eman die: hileko 50 dolarreko bonua. Azken gobernuak bonu laguntza guztiak kendu egin zituen. Gutxieneko duintasunarekin bizitzeko guztiz eskasa da 50 dolarreko bonu laguntza. Gauza bera gertatzen da gaitasun anitzak dituzten pertsonekin, edo edozein arazo edo baldintza oso txarrean duen pertsonekin. 

Beraz, bi proiektu horietan aritu zinen? 
Bai. Aurrera eramaten diren jarduera guztietan parte hartu dut. Bertan lana astelehenetik astelehenera da. Ez dago gelditzerik. Cojimiesko estuarioko komunitateetan zentratzen den proiektu bat daukate. Haren bidez, gaitasun sozialak, ekonomikoak, ingurumenekoak, kulturalak eta antolakuntzakoak indartu nahi dituzte. Elkarteek bake kultura metodologiaren bitartez lan egiten dute. Erdigunean dute indarkeriaren kultura eraldatzea. Baita generoan oinarritutako indarkeriaren prebentzioa eta horri erantzuteko guneak indartzea. Erresistentzia kultura hori eraikitzeko komunitatean elkarri laguntzeko sareak sortzen dira. Lan egiten den komunitateetan emakumezko antolatuen taldeak sortzen dira. Emakumezkoak diot haiek baitira normalean parte hartzen duten bakarrak, berez, mistoak dira. Azkenean, emakumezkoak dira zaintzaren eta sostenguaren zentroa. Gizonezko askok arrantzan lan egiten dute eguzkiz eguzki, beti daude itsasoan. Emakumezkoak etxean daude gainontzeko guztia funtzionatzen duela bermatzen. Haiek dira indarkeria gehien pairatzen dutenak. Horregatik, egoeraren aldaketaren zentroa dira proiektuetan. 

Nola lan egin zenuen?
Esaterako, hilabetean behin bilera egiten genuen landa eremuko komunitate guztietan. Komunitate bakoitzean hainbat jarduera egiten dira, emakumezkoek dituzten trebetasunak indartzeko eta asoziazionismoa edo elkartasun erresilientzia hori sustatzeko. 

Zein proiektu garatu zenuen?
Komunitate osasuna sustatzea izan zen nire proiektuaren lehentasuna. Osasun erronkei aurre egiteko, komunitateko emakumezkoak komunitate osasunaren sustatzaile gisa trebatzea zen helburua. Lehentasunetako bat da. Hain bizi baldintza txarrak dituztenez, beraien osasuna autogestionatzeko abileziak garatzea da ideia. Eskualdean sendabelarren inguruko antzinako ezagutza zabala dute. Proiektua jakintza horiek berreskuratzera eta haiei balioa ematera bideratu zen. Izan ere, galtzen ari da landareen sendatzeko gaitasunei buruzko jakintza. Haien garrantzia aitortu nahi genuen, eta, ez galtzeko, belaunaldien arteko transmisioa sustatu nahi genuen. Horretarako, sendabelarren bildumak egin genituen eta komunitateetan jakintza partekatzeko eskuliburu bat sortu genuen. Sendabelarren propietateak ezagutzeko eta aplikazioak nabarmentzeko, tokian tokiko landareen botanika azterketari buruzko hezkuntza saioak egin genituen. Bestalde, produktu naturalak egiteko tailerrak egin genituen. Haietan botika naturalak, higiene, autozaintza eta kosmetika naturaleko produktuak egiten ikasi genuen. Autoestimua, komunitate zaintza eta ingurumen zaintza indartzeko tailerrak ere egin genituen. Baita garapen sozioekonomikorako tailerrak ere, emakumezkoen artean enplegua eta gaitasun profesionalak sustatzekoak barne. Emakumezkoak beraien kabuz antolatzeko aurrezki eta kreditu kutxa komunitarioak ere sortu dira. Haien bidez, beraien negozio plan txikiak aurrera egiteko laguntza eta babesa eskaintzen zaie. Emakumezkoen ekonomia autonomia hobetzeko trebetasun profesionalak sustatu genituen, esaterako: azokak antolatuz, emakumezkoekin komunitatez komunitate mugituz, beraien produktuak eta markak sortzen laguntzen, salmentan laguntzen... 

Landa komunitateetako adinduei arreta eta laguntza emateko eguneko zentroa sortzen ari dira

Besterik egin zenuen?
Cojimies herrian bertan beste proiektu bat dago. Han Haurraren Etxea espazioa dago, eta komunitate garapenerako espazio bat eraikitzen ari dira. Nafarroako Emausko Trapuketariei esker bertan liburutegia sortu da, ehunka liburu ematen ari baita. Ez zegoen liburutegirik, orain komunitate guztietatik joan daitezke liburuak maileguan hartu eta gozatzeko. Hezkuntza eta liburuen behar handia dago. Bake kultura sustatzeko, espazio horretan helduendako eta haurrendako hezkuntzako jarduera ugari egiten dira, esate baterako, irakurzaletasuna sustatzeko ipuin kontaketa saioak, zinema emanaldiak, jolas saioak, musika, pianoa, abesbatza tailerrak, joskintza eta eskulan tailerrak... Autonomia eta autogestioa bulkatzeko tailerrak egiten dira han. Higiene eta produktu naturalak egiteko tailerrak egin ziren, bertako haur, gazte eta adinduendako. Espazio hori jendea ahalduntzeko espazio irekia da. Aldi berean, topaketa eta antolakuntza bulkatzen ari da; beraien errealitatea beraiek aktiboki eraldatzeko espazio aktibo bat da. Bestalde, landa komunitateetako adinduei ere arreta eta laguntza emateko, espazio horretan eguneko zentroa sortzen ari dira. Helburua da adinekoen ekonomia, gizarte eta osasun baldintzak hobetzea, bizimodu duina izan dezaten eta jendartean integratzeko. 

Indarra zerbaitean egin zenuen?
Ni, gehienbat, alfabetizazio prozesuan aritu nintzen. Astean bitan alfabetizazio klaseak ematen genituen. Heldu eta haur asko agertu ziren, ez idazten ez irakurtzen ez dakitenak. Askok bizitza osoan eskolara joateko aukerarik ez dute izan. Gainera, hezkuntza afektiboa ere lantzen da. Zaintzarako jarraibideekin lotutako alderdiak jorratzen dira. Gizarte eta pertsonen arteko trebetasunak... denetarik. Jateko duin bat emateko, gutxienez hilean behin, bazkariak antolatzen dira. Pertsona askok egunean behin ere ez baitute jaten, edo behin bakarrik. Horregatik, desnutrizio maila oso-oso altua da. Proiektua pitteka hazten ari da. Laguntza handia behar zuten. Beraz, ni lanean egon nintzen, langile falta handia dagoelako esparru guztietan. 

Osabak kontatzen zuenaren eta zuk ikusitakoaren artean, aldea zegoen? 
Txiki gelditzen zen osabak kontatzen zuena. Berak cronicascojimies.blogspot.com/ bloga du eta bere kronikak igotzen ditu. Gauza batzuen eta egoera politikoari buruzko azalpenak eman zizkigun, Manabiko funtzionamendua nola ikusten zuen... Esperientzia oso polita izan da. Bertan bizitakoarekin oso pozik nago. Baina egoera bortitza da. 

Osabarekin bat egin zenuen Ekuadorren? 
Hilabete inguru egon ginen elkarrekin, baina Euskal Herrira itzuli behar izan zuen. Ni han gelditu nintzen, hango lantaldearekin. 

Behin bueltatuta, proiektuarekin harremanetan jarraitzen duzu?
Bai. Gogo handia dut berriro itzuli eta laguntzen jarraitzeko. Baliabide falta handia dago bertan, jendea behar dute. Proiektua ez erortzeko finantzazioa ere behar da. ES64 3008 0138 9150 9874 7925 kontu korrontean (Rural Kutxa) proiektuaren aldeko ekarpenak jasotzen ari gara. Hemen hori bulkatzen saiatzen ari gara. Harremanetan segitzen dugu. Eta mugitzen, ni edo beste pertsona bat hara joateko. 

Proiektua pitteka hazten ari da. Laguntza handia behar zuten. Langile falta handia dagoelako esparru guztietan. 

Aurretik kooperazio ekimenen batean parte hartu zenuen?
Ez. Gizarte hezitzaile gisa Latinoamerikako zenbait herrialdeetan ibili naiz. Ekuadorren ez, baina bai Perun, bake kultura eta komunitate garapena sustatzen haur eta gazteekin. Brasilen, Argentinan, Bolivian eta Txilen egona naiz. Errumanian ere ibili nintzen. Bazterketa egoeran dauden haur eta helduekin lanean. Animazio soziokultural asko egin dut. Ekoherrixka edo landa komunitate alternatiboetan bizi izan naiz. Bidezko merkataritza edo bioekintzailetza landu dut. Beti gora eta behera. Pasio bat da. Bizitza horretara emana dut. 

Ikasketetako teoriatik praktikara aldea sumatu duzu?
Hegoako masterrean oso gustura egon naiz, bai irakasleekin bai mamiarekin. Ez dut hainbesteko alderik sentitu. Kooperazioaren eta garapenaren teoriaren inguruan oso kritikoak dira. Eta nahikoa praktikoa izan da. Nik ere aurretik Amerika ezagutzen nuen, testuinguru handia nuen. Aurrenekoz 2014an joan nintzen. Bertan bizitzen zazpi urte egon naiz, kooperazioan. Profesionalki figura hori ez nuen betetzen, baina gizarte lanean, gizarte mugimenduekin eta elkartasunean bertako erakunde askorekin. Teoriatik errealitaterako aldeak ez nau asko harritzen. Errealitatea askoz ere bortitzagoa da. Atera behar dugu, eta bertan murgildu jendartearen logika guztiak ulertzeko. Liburuetan ezin dugu hori ikasi. Praktika beti da unibertsitaterik onena. 

Ilbeltzaren 11n Errotzen zure esperientziaren berri eman zenuen. Zer moduz? 
Oso gustura egon ginen. Iñaki eta biok egon ginen, eta etorri zirenekin solasaldian aritu ginen. Pintxopotea egin genuen, argazki batzuk erakutsi... Zeren proiektua egiterakoan milaka argazki egin ditut, esperientzia ez ahazteko eta dokumentatzeko. Oso garrantzitsua da Arakilera hurbiltzea komunitate haien errealitatea, hain ikusezina dena. Izan ere, kooperazioa ez da lehentasuna. Lehentasunezko nazioarteko laguntza jasotzeko orduan ez dago zerrendetan. Beraz, oso baliotsua iruditzen zait Cojimies eta Arakilen artean lotura izateko aukera. Errozkoa sentsibilizazio espazio bat  zen: Ekuadorko arazo horiek ikusarazi, eta han garatzen ari diren proiektuak hona hurbildu. Pertsona gehiago lagundu ahal izatea eragin dezakeelakoan nago. Hemendik era askotara lagundu dezakegu. Eta proiektu hau konkretuki momentu honetan. Esaterako, gobernuaren konpromisoa handiagoa eskatuz, finantzazio asko falta denez, dohaintza ekonomikoak eginez... Proiektuaren jarraipena arriskuan dago. Boluntario gisa joan nahi duen pertsona oro horretara animatu genuen bileran. Ni bezala, haiek ere besoak zabalik hartuko dituzte. Edonolako laguntza oso ongi etorria izanen da. Espero dut aurrekoan aurkezpenean egon zirenak proiektuan parte hartzera animatzea. Asko egin dezakegu gutxirekin. Hori erakustea izan zen nire helburua. Gure presentzia bertan oso aberasgarria izan daiteke, bai beraiendako bai guretako. Lagundu nahi duenak nirekin jarri daiteke harremanetan. 

Atera behar dugu, eta bertan murgildu jendartearen logika guztiak ulertzeko. Liburuetan ezin dugu hori ikasi. Praktika beti da unibertsitate onena. 

Halako esperientziak zer ematen du?
Niretako bertan egotea pertsona hobea izateko aukera edo eskola bat izan da. Benetan axola duenaz arduratzeko aukera da ere. Boluntarioa edo kooperante oso esperientzia aberasgarria da: gizabanako gisa hazten laguntzen gaitu, eta ongizate kolektiboan laguntzeko aukera ematen digu. Nire esperientzia da elkartasunak ez duela mugarik. Gehien behar dutenen bizitzetan desberdintasuna ezarri dezakegu. Beraz, lankidetza eta esperientzia trukea eragin nabarmenak izan ditzake mundu bidezkoago bat eraikitzeko. Udalari berriro ere eskerrak eman nahi dizkiot: garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoa oso beharrezkoa da. Nazioen arteko zubiak eraiki behar ditugu, guztiondako bidezko etorkizuna bermatzeko bide bakarra hori baita.