Egiarretako Kontzejuak etxebizitza bat egin du

Guaixe 2025eko abenduaren 17a

Egiarretako Kontzejuak egin duen etxebizitza lehen solairukoa da.

Alokairurako etxebizitza izanen da kontzejuaren eraikin batean egindakoa

Garai batean Egiarretako eskola hartu zuen eraikinak beheko solairuan herriko elkartea eta goikoan kontzeju etxea zuen. Azken hori etxebizitza bihurtzea erabaki zuen kontzejuak. Lanak eginda, etxebizitzak sukaldea, egongela, hiru logela eta bainugela izanen ditu. Bere 81 metro karratuak horrela daude banatuta: sukaldea-egongela (30,8 m2), hiru logela (11,2, 12 eta 13,7 m2-koak), ezkaatza (2,3 m2), balkoia (4,5 m2) eta komuna (6,5 m2). Eskailerak 9,3 metro karratu hartzen ditu.

Lurralde Kohesiorako Departamentuak 2023-2025 Tokiko Inbertsio Planean sartu zuen Egiarretako Kontzejuaren egitasmoa joan zen urteko otsaila akaberan. Elkartearen gaineko solairuan etxebizitza bat egiteko lanerako dirulaguntza jaso zuen horrela kontzejuak.

Lanek 84.010,25 euroko (BEZ barne) aurrekontua zuten. Eta departamentuak 34.212,36 euroko ekarpena egin zion. Haietatik 22.238,03 euro joan zen urtean jaso zituen eta aurten gainontzeko 11.974,33 euroak. Etxebizitza Zerbitzuak, berriz, babestutako zaharberritze izendapena eman zion lanari eta, horrekin batera, 57.119,30 euroko dirulaguntza eman zion.

Finantzazioa lotuta, lanak emateko deialdia joan den urteko lastailean egin zituen kontzejuak, baina deialdia hutsik gelditu zen. Bigarren deialdian obra Cota Obras, proyectos y reformas enpresak bere gain hartu zuen. 

Kontzejuaren egitekoen artean dago aipatu eraikinaren iparraldean itsatsia dagoen frontoiko lanak despeditzea. Aurreneko fase batean teilatua jarri zion. Eskuin pareta jartzeko finantziazioa lortzen ahalegintzen ari da.