Festak prestatzeko batzorde bat dago, aurreko urteko egitaraua oinarri gisa hartzen duena. Baina herri guztiak parte hartzen duen auzolan bat da festen antolaketa. Izan ere, egiarretar bakoitzak festen prestakuntzan egiteko bat du: txokolate jana prestatu, jokoak antolatu, paellak, karpa jartzea, desmuntatzea, hainbat kontratazio... Festak baino hilabete lehenago batzordeko kideak egiarretarrei beraien egitekoak lotuta eta itxita dituzten galdetzen diete. Eta hala joaten da festetako egitaraua ontzen.
Joan zen urteko festetan zerbait berria egin nahi zuten eta aurreko urteetako egitarauei erreparatu zieten. Jabetu ziren txapela jaurtiketa txapelketa egiten zela. Eta hura berrartzeko ideia izan zuten buruan, baina garai bateko antolatzaileek kentzeko arrazoia zein zen jakinarazi zieten: parte hartzaileek txapelak oso urruti jaurtitzen zituzten. Beste zerbaiten bila jarri ziren eta Egiarretan behiak dituzten hiru abeltzain daudela jabetu ziren. Herriko bereizgarri hori nabarmentzeko zer egin pentsatzen ari zirela sortu zen ideia: paka jaurtiketa txapelketa.
Lehia
Herriko abeltzainetako bati paka txiki bat eskatu zioten. Lehiaketarako plastikoz forratu zuten. Karga zuela ikusita, antolatzaileek erabaki zuten emakumezkoen eta gizonezkoen mailetan jokatzea txapelketa. Frontoian jokatzen dute lehiaketa. Parte hartzaile bakoitzak bere teknika du paka ahalik eta urrutien botatzeko. Batzuk pakari heldu eta behetik egiten dute jaurtiketa. Besteek, berriz, goitik. Gainera, batzuek jaurtiketa egiteko pakak dituen sokak erabiltzen dituzte, besteek ez. Olinpiadetako disko edo xabalina jaurtitzaileen antzera, Egiarretako probako parte hartzaileek paka botatzerakoan ezin dute lurrean dagoen marra gainditu. Pakak airean bidea egin, lurrera erori eta boteak eman ondoren gelditu egiten da. Orduan epaileak gerturatzen dira eta paka erori den tokian marra egiten dute. Horretarako, jaurtitzailearengandik urrutien dagoen pakaren aldea hartzen dute kontuan. Marraren ondoan parte hartzailearen izena jartzen dute ere. Epaile lanak kontzejuburuak egiten ditu. Orain arte ez dute jaurtiketen neurketarik egin. Parte hartzea handia izaten da lehiaketan: "frontoian dauden denek parte hartzen dute, adin guztietakoak".
Aurreko urtearekin alderatuta, antolatzaileek araudian aldaketa nabarmena egin dute: ezin izanen dira jaurtiketak abiada hartuta egin. Jaurtitzaileak geldi daudela bota beharko dute paka. Joan den urteko paka bera erabiliko dute aurtengo lehiaketan. Baina paka urte batetik bestera txikiagotu egin da. Izan ere, egiarretarrek festetako erabileraz aparte, paka bera Mari Domingiren etorreran ere erabiltzen dute.
Pakak karga handia duenez, haurrek txapela jaurtiketa lehiaketan ez ziren aritu. Haien txanda paka lehiaketaren ondoren izan zen. Haur guztiek maila berean neurtzen dute beraien abilezia.
Sariei dagokienez, Arakil ibarreko ekoizleen produktuak izaten dira irabazleek eskuratzen dituztenak: gazta, eztia edo bestelakoak.
Aurreneko edizioa joan zen urtekoa izan zen. Festa batzordeko kideak pozik daude: "doako zerbait da eta jendearendako erakargarria da". Izan ere, garai batean igande eguerdian jende gutxi ateratzen zen, baina bi lehiaketa horiek daudenez geroztik, animazio ederra sortzen da herrian. Han elkartzen dira mezatik ateratzen direnak eta lehiaketetara propio ateratzen diren kuadrillak. Egiarretako paka lehiaketan parte hartu nahi duenak irailaren 20an, 13:00etan, du hitzordua.
Hainbat lehiaketa
Egiarretako festen egitaraua lehiaketez ongi hornituta dago. Klasikoenak mus eta briska txapelketak dira, elkartean irailaren 18an, ostiralean, 17:30ean hasi zirenak. Finalak igandean jokatu ziren. Lehiaketetan berritasuna igel txapelketa izan da. Ahoa zabalik duen metalezko igel irudiaren barruan fitxak sartzen ahalegindu behar ziren egiarretarrak. Bestelako trebezia erakutsi behar izan zuten irailaren 19ko, larunbateko paella lehiaketan parte hartu zutenek. Guztiak egiarretarrak elkartu eta giro onean asteburu ederra pasatzeko aitzakia polita dira.