Futbola

Beti Kozkorrek 3. mailan jarraituko du

Guaixe 2020ko uzt. 27a, 07:30

2. B mailako igoerako play-offeko finalean, Mutilberak 1 eta 0 irabazi zion Lekunberriko taldeari. Bertan aritzen diren sakandarrek 3. mailan jarraituko dute

Lekunberriko Beti Kozkor taldearendako bukatu da 2. B mailara igotzeko ametsa, baina, hala ere, lortutakoaz harro egon daitezke Rodri entrenatzailearen esanetara trebatzen futbolariak 25 dira, tartean sei sakandar: Miguel Erice eta Raul Erice anai irintarrak, Cristian Laplana izurdiagarra, Ibai Armendariz arbizuarra, Ander Huarte ihabartarra eta Eneko Cruz uharte arakildarra. 

Beti Kozkorrek eta Mutilberak larunbat iluntzean jokatu zuten 2. B mailara igotzeko play-offetako finala, Lizarrako Merkatondoan, ateak itxita. Hala ere, bi taldeen jokalari eta teknikariak eta Nafarroako Futbol Federazioko ordezkariak kontuan hartua, ehunen bat lagun bilduko ziren. Emozio handiko partida izan zen, oso lehiatua. Mutilbera aurreratu zen, eta, nahiz eta Lekunberrikoak gogor saiatu, markagailua ez zen mugitu. 1 eta 0 irabazita, Mutilbera izan da 2. B mailara igo dena. 3. mailan jarraituko du Beti Kozkorrek, 1.500 biztanle baino gutxiago dituen herri batendako meritu ederra.  2. B mailara igotzeko play-offeko finala jokatu izana harro egoteko modukoa da, horrekin bakarrik historia egin baitute. Egindako lanarekin oso kontentu egon daitezke, final bikaina jokatu baitzuten, ez baitzuten partida galdutzat eman eta kiroltasun handiko finala izan baitzen.