Ekain igandeetan 11:45ean izaten dute meza. Irailaren 25ekoa berezia izan zen, ordea. Izan ere, ekaidarrek aukera baliatu zuten beraien apaiza omentzeko. Jose Antonio Perez Baldak 25 urte egin ditu herriko apaiz gisa, eta hori aitortu nahi izan zion herriak. Horregatik, mezaren ondoren, herritarren izenean Patxi Uharte Garro kontzeju buruak hitza hartu zuen elizaren barruan eta emandakoagatik esker ona adierazi zion Perezi. Ondoren, adineko herritar batek eta gazte batek koadro bat oparitu zioten. Han erretaula eta elizaren irudi bana eta esker oneko esaldi bat ageri dira.
Elizatik atera, eta presente zeuden guztiek talde argazkia egin zuten. Omenaldia despeditzeko, Ekaiko familia batek prestatutako otamena dastatu zuten eliza atarian. Hori guztia egin ahal izateko ekaidarrek etxarrendarrekin hizketatu ziren, apaiza herri batetik bestera korrika meza ematera joan ez zedin.
Perezek 86 urte ditu; haietatik 63, apaiz. Baraibarkoa da baina Iruñean bizi da, eta handik etortzen da Errotzen, Urritzolan (eliza soilik hiletetarako zabaltzen da), Etxarrenen, Ekain eta Zuhatzun meza ematera.